Santutegiren iparraldeko paretaren kontra aldamioak daude. Santutegiak beharrezkoak dituen mantentze lanetarako jarrita zeuden. Han kontrahorma bat eta odor, rafe edo abazpiaren zati bat berritu dute. Azken horren konponketak heldu den urtean despeditu nahi dituzte. Gainera, teilatuko harlauzak errepasatu dituzte eta langileak teilatuan segurtasunez ibili ahal izateko ainguraketa sistema, bizi lerroa, jarri da. Hegoaldean dagoen kanpai horma eta kontrahorma bat konpondu dituzte. Lan horiek finantzatzeko mezenek emandako dirua eta Gondra Barandiaran eta Fuentes Dutor fundazioen eta Nafarroako Rural Kutxaren gizarte ekintzako ekarpenak baliatu dituzte.
Bestalde, Uharte eta santutegia lotzen dituen mendiko xendaren ertzean hiru gurutze daude. Haien kontra bitan egin dute aurten. Bi gurutze martxoko azken asteburuan ere hondatu zituzten. Moztutako gurutzea maiatzaren 17an jarri zuten bere tokian, egin ziren gazteen topaketak baliatuta. Bigarren gurutzea moztuta eta lurrean botata agertu zen agorrileko azken aurreko asteburuan. Hura bere tokian jarri zen Juan eta Teodoro Flores anaia arbizuarrei esker. Ondoren, hainbat fededun lekuko zirela, Alfonso Garziandia Goñi kaperauak gurutzeak bedeinkatu zituen.