Astekaria

"Azarorako bukatuko dituzte eskolako lanak"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko urriaren 8a

Eskola komunitateko ordezkariak etxajua bota aurretik.

Festei hasiera eman ondoren, eskolaren martxaz aritzeko tartea hartu zuten Amaia Mendizabal Iraolak eta Joana Ziganda Olanok, Uharteko eskolako zuzendariak eta idazkariak.

Izan ere, San Miguel eskola publikoko komunitateak piztu zuen Uharte Arakilgo festen hasierako etxajua.  

Nola hartu zenuten albistea?
Amaia. Sorpresa eta poz handia izan zen, egia esan. Oso pozik gaude udalak gugan pentsatzeagatik. Herrian eskolari egin zaion aitortzagatik. Opari polita iruditu zaigu eta oso pozik gaude. 

Nola erabaki zenuten zeinek piztu?
Joana. Irizpide batzuk zehaztu genituen: eskolak duen aniztasunaren ordezkariren bat egon behar zuen gurasoen artean, guraso elkarteko norbait eta zuzendaria. Eta ikasleen artean erabaki zen Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikaslerik handienak egotea: Eider Garziandia, Miren Aranguren eta Souleiman Jerra. 

Etxajua piztu aurretik eskolaren historia aipuak egin zenituzten. 
A. Aipagarria iruditu zitzaigun. 1910. eta 1915. urteen artean udaletxea eraiki zen. 1915ean udaletxean zegoen gela batean eskola zegoen. Duela 70 urte, 1955eko irailaren 10ean, gaur egungo eskolako eraikin zaharra mustu zuten. Aurten, berriz, eskola berritzen ari gara. Aipagarria iruditu zitzaigun hiru data horiek herriari ere jakinaraztea. 

Obrak eskolan. Zer moduz?
J. Antolakuntzari dagokionez, ez da ikasturte hasiera erraza izan. Baina langileak lanean ari dira. Udala ere bertan da, jo eta su. Irakasleek ordu asko sartu ditugu horretan, baina familien laguntza ere izan dugu. Auzolanen bat ere egin zen. Beraz, zegoen egoera izanda, denon artean lortu dugu nahiko modu politean hastea. Eskola berrikuntza fase batean dago, bai kanpotik bai barrutik. Metodologia aldetik beti berrikuntzan ari gara. Erronka zen, eta ongi doa kontua. 

Lanak noiz despedituko dituzte?
A. Badirudi azarorako guztiz bukatuko dituztela. Ikastetxeak berrikuntza batzuen beharra zuen, eta pozik hartu dugu birgaitze prozesua. Teilatua konpondu dute, galdara sistema berritu, eraikinaren fatxada berritzen ari dira. Eskola berrituta ikusteko gogotsu gaude. 

Zer osasun du eskolak?
J. 54 ikasle eta 11 irakasle gaude. Orokorrean errolda beherantz doa, gurean ere islatzen da, baina herriko haurrak bertan biltzen dira. Denak elkarrekin lan handia egiten ari gara. Ez dira ikasle asko baina eskolak oso dinamika polita dauka, aberasgarria. 

Metodologian ere ahalegina egiten?
J. Hala da. Gogotsu gaude. Ilusioa piztu digu berrikuntzak. Aurretik etengabeko aldaketetan ibili gara. Orain bai Haur Hezkuntzan bai Lehen Hezkuntzan aldaketak txertatzen hasi gara. Landa eskola gara eta talde berean adin desberdineko ikasleekin lan egiten dugu. Komunitate txiki bat gara eta horri egokitzen zaion lan egiteko moduak bilatzen ditugu. Egunero eraldatzen ari gara. Euskararen presentziarekin kezka dugu eta hori hobetzeko etengabe lanean ari gara. Eta Sakanako bederatzi eskola sarean gaude. Etengabeko elkarlana dugu, eta asko laguntzen duen koordinatzailea ere badago. 

Guraso elkartearekin, zer moduz?
A. Sei kide dira. Etengabe koordinatzen ari gara. Beraiek arduratzen dira jantoki zerbitzuaz eta udan herrian antolatzen diren euskarazko udalekuetan zerikusia dute. 

Zer eskatu diozue ikasturteari?
J. Ikasturte hasieran dugun ilusioa mantentzea, zeren batzuetan nekeak eragiten digu. Eta aldaketetan egiten ari garen ahalegin hori egonkortu eta pausatuz joatea. Bai ikasleak, bai familiak, bai langileak gozatzen segitzea lanean. 

A. Ilusioari eustea. Sarean lan egiten dugu eta sare horretan ere elkarlanean lanean jarraitzea.