Uharte Arakilgo Udalak hirigintza planari hasierako onarpena eman dio. Hari lotutako agiriak udaletxean edo uhartearekil.eus webgunean kontsulta daitezke. Udalak onartutako hirigintza plangintza jendaurrean azaroaren 4ra arte egonen da. Epe horretan edozein interesdunek egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzake. Txomin Uharte Baleztena alkateak gogorarazi du aurreko hirigintza plana 1991ekoa zela eta udalak hura berritzeko bideari 2017an ekin ziola. Lehen onarpena jaso arte, administrazio tramiteaz aparte, ubertearrek planaren zirriborroren gainean iradokizunak eta proposamenak egiteko aukera izan dute.
Alkateak esan duenez, "aurreko plangintzaren eguneraketa eta berritzea egin dugu. Izan ere, aurrekoan ez ziren aipatzen gaur egun dauden materialak edo egin daitezkeen hainbat gauza". Uhartek azaldu duenez, "oro har, herrigune trinkoa sendotu egiten da, egungo eta etorkizuneko beharretara egokitutako hazkunde antolatuak eta orekatuak aurreikusten baitira, egungo herriaren egiturari jarraituta, eta iraunkortasunaren eta baliabideen optimizazioaren abantaila aurkeztuz".
Moldaketak
Hirigintza planean egindako aldaketak egungo herriaren egiturak finkatu eta horren ondoan nukleoaren garapena ezartzea proposatzen du, jarraitutasun funtzionala sortuz, herrigunea modu harmonikoan eta kongruentean garatzeko, horrela herriaren egitura osatuz, ertzeko espazioak planteatutako beharren arabera betez. Eskematikoki, herriguneko bizitegi hedapenerako hiru eremu planteatzen dira: Erresoro, Errekabitarte eta Zerradoa.
Finkatutako eta finkatu gabeko hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren antolamendu proposamenean guztira 180 etxebizitza planteatzen dira. Tipologia nagusia familia bakarreko etxebizitza da, atxikiak edo isolatuak, landa gunean gehien eskatzen den tipologia delako, baina etxebizitza kolektiboaren tipologia ere aurreikusten da, lehendik dagoen industria lur eremu batean eta Erresoron, herrigune historikoaren hedapena delako, tipologia nagusi horrekin.
Udalak landutako hirigintza proposamenaren arabera, herriaren ekialdean, Erresoro dermioan, frontoiaren eta Errekondo kalearen artean urbanizazio berri bat eginen litzateke, San Migel kaleari paraleloa den beste kale bat sortuz. Kale horrek iparraldean Errekondo kalearekin bat eginen luke, erdialdean San Miguel kalearekin eta hegoaldean, eskolaren ondoan, San Joan plazarekin.
Bestalde, hirigintza plan berrian bizitegirako beste lursail proposamen bat dago Larranondoa eta Iriburu kaleen eta Itsasiko errekaren arteko espazioan. Baita Itsesi, Zerradoa eta Geltoki kaleetan ere. Azken horretan fundizioa hartu zuen eraikinari kalifikazioa aldatu diote eraikigarria izan dadin eta hark betetzen duen espazioan etxeak eginen dira etorkizunean.
Plan berriak gaur egun dauden industria eremuak eta aurretik indarrean zegoen plana garatzeko izapidetutako lurzoru urbanizagarriko sektoreak sendotzen ditu. Hala, Sargaitz industrialdearen mendebaldera hazteko aukera aurreikusi du hirigintza plan berriak, Zubiaur eta Mendikoa dermioak hartuz, autobia pareko zubiraino. Handik industrialdera daraman kalean errotonda berri bat eraikiko litzateke eta hari perpendikularra litzatekeen kale bat aterako litzateke. Ezker-eskuin, pabiloiak izanen lituzke. Bestalde, Zerradoan eta Iriburun enpresak hazteko edo kokatzeko espazioak aurreikusi ditu udalak.