Azkenean Erreka kaleko lanak eginen dira

Guaixe 2025eko urriaren 20a

Erreka kalea, iparraldetik.

Uharte Arakilgo Udalak karrikako sareak eta zorua berritzeko lanetarako gobernuaren dirulaguntza jaso zuen, baina azpitik doan errekaren kanalizazio lanak ez ziren aurreikusi. Udalak bost urte eman ditu konponbide baten bila

Uharte Arakilgo Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmen batek aukera emanen du Erreka kaleko lanak egiteko. Zehazki, sareak eta zoladura berritzearekin batera, kale azpitik pasatzen den Itxesi errekaren kanalizazioa eginen da. Lanek hiru miloi euroko aurrrekontua dute. Txomin Uharte Baleztena alkateak jakinarazi duenez, "errekaren kanalizazio lanek ikaragarri garestitu dute obra. Uholdeen kontrako neurriak eta bestelako arauak bete beharra dago eta horrek aurrekontua handitzea ekarri du". Alkatea pozik zegoen "2020tik arrastaka daukagun gaiari akabera eman diogulako". Uhartek jakinarazi duenez, lanak aurten hasiko dira. 

Erreka kalea Uharte Arakilgo Alde Zaharreko kale nagusia da. Erdi Aroko zubitik autobus markesinara, herria ardazten du 325 bat metroko luzera duen kaleak. Haren azpitik, azaleko kanalizazio baten bidez, Itxesi erreka pasatzen da. Uharte Arakilgo Udalak Erreka kaleko hornikuntza, saneamendu, euri ur eta zerbitzuen kanalizazio sareen eta zoladura berritzeko proiektua egin eta Toki Azpiegitura Planeko dirulaguntza deialdira aurkeztu zuen egitasmoa 2017an. Nafarroako Gobernuak Toki Inbertsio Planean jaso zuen 2021ean. Lanek orduan 860.000 euro inguruko aurrekontua zuten, eta foru administrazioak 609.859,51 euroko dirulaguntza aurreikusia zuen. 

Baina pandemia eta Ukrainako gerra etorri ziren. Biek materialeen garestitzea ekarri zuten. Gainera, proiektuan ez zen errekaren kanalizazioa kontuan hartu. Azken lan horrek bakarrik 1,2 milioi euro inguruko aurrekontua zuen, kasik kalea berritzea adina. Egoera hori izanik, Uharte Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri zen, batetik, jasotako dirulaguntza ez galtzeko eta, bestetik, lanak behar bezala egiteko dirulaguntza handitzea eskatzeko. Bost urteren ondoren negoziazioek fruitua eman dute. 

Egitasmoa 
Erreka kaleko ur eta saneamendu sareek 60 urte baino gehiago dituzte. Ur hodiak mikrozementuzkoak dira eta harguneak berunezkoak. Hainbatetan ur ihesak izaten dira. Egungoen ordez, fundizioko hodiak, suteetarako harguneak eta etxeen parean erregistroak jarriko ditu Uharte Arakilgo Udalak. Saneamendu sarea berritzeko PVCzko hodiak erabiliko dira. Mantentze egokia egiteko putzu gutxi dituenez, gehiago eginen dira. Bestetik, euri urak kanalizatutako errekara eramanen dira, baita teilatuetakoak ere. Argindar, telekomunikazioko eta argiteria publikoko lineak etxeetako fatxadetatik lurpeko kanalizazioetara pasako dituzte. Kanalizazio berria eginda, errekako hura zubiaren beste aldean, ekialdean, aterako da ibaira.

Errekaren presentziak ez du sareen harguneak kalearen alde batetik bestera pasatzen uzten, eta, geroz, kaleko sareak eta kanalizazioak berritzean bikoiztu egin beharko dira, errekaren alde banatan jarriz.

Uharte Arakilgo Alde Zaharrean sareak eta zorua berrituko diren aurreneko kalea izanen da Erreka. Beraz, harako aukeratzen den urbanizazio eredua herriguneko gainontzeko kaleetara zabalduko da etorkizunean. "Kalearen urbanizazio berria nola izanen den parte hartze prozesu baten bidez erabaki zen 2021ean", jakinarazi du alkateak. Kontuan izanda Erreka kalean udaletxea, eliza, plaza eta zenbait establezimendu daudela, udaletxe eta San Joan plazen artean espazio jarraitu bat sortzeko, kaleko 60 metro inguruko luzeran beste mota bateko lurzorua jarriko da. 

Beste lan batzuk
Errekabitarte eta Itxesi auzoan sareak berritzeko lanak egiten ari dira. Abendurako despedituko dituzte. Udala eraikitzen ari den aterpeari dagokionez, bigarren fasea aurreratuta dago, inguratzailea, leihoak eta bestelakoak jartzen ari dira. Udalaren nahia litzateke azken fasea 2026ko hasieran egitea. Barruko banaketa eta ekipamendua jarri beharko lirateke. 

Aterpearen aldamenean dauden udal igerilekuak udan itxita egon dira. "Aterpean igerilekuko euskarriak jarri behar ziren, baina hornitzaileekin arazoak izan ziren. Gainera, lanak hasi zirenean euria egin zuen eta zaila izan zen aurrera egitea. Orain lorezaintza lanak egiten ari dira eta araztegia behar bezala dabilela ikusteko proba egiten ari dira", azaldu du alkateak. 

Azkenik, Hierros Bueno LSA enpresak 115.465,17 eurotan eskuratu zuen frontoia zaharberritzeko lanen kontratua. "Hornitzaileak hilabeteko atzerapenarekin ari dira materialak ematen, horregatik, lanak egiteko epea luzatzea eskatu diogu gobernuari. Udaberrirako bukatzea espero dugu".