Astekaria

"Jendeak jakin dezala galtzeko zorian dagoela"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko urr. 22a, 13:00

Txesko Gonzalez Otxoa bi euskal artzain txakurrekin.

Arriskuan dagoen arrazaren alde zer lan egiten duen erakusteko, elkartea Artzain Egunean izaten da urtero Euskal Artzain Txakurrren Adiskideak elkartea. Han izan zen Txesko Gonzalez Otxoa kidea ere. 

Artzain Egunean, eskolen parean, hainbat artzain txakur ikusteko aukera dago. Batzuk Euskal Artzain Txakurren Adiskideak elkartekoek eramaten dituzte.

Zenbat daramazue Artzain Egunean parte hartzen?
Urte pila darama elkarteak etortzen, bai. Ez naiz kide zaharra eta ez dakit zehatz zenbat. 

Nolakoak dira? 
Bi mota dauzkagu: Gorbeia eta Iletsua. Lan txakurrak dira, ardiekin, ahuntzekin, behiekin, denekin lan egiten dute. Bere beste ezaugarri bat da etxean egoteko txakur lasaiak direla. Oso txakur onak dira. Artzainak bere inguruan ibili duen arraza bat da eta guztira ohitu dira. Artzain txakur guztiak bezala, artzainekin egotea oso gogoko dute. Umeen eta familien oso zaintzaileak dira. Eta etxean egoteko oso jarrera ona dute. 

Zein da arrazaren egoera? 
Egia esan, ez oso ona. Gorbeia motakoak nahiko ikusten dira, esaterako txapelketetan. Baina iletsuetatik oso-oso gutxi daude. Egoera oso txarra da. Pitteka lanean ari gara. Behintzat jendeak jakin dezala bertako txakur arraza galtzeko zorian dagoela. Eta hortik aurrera pitteka-pitteka lan egiten dugu. 

Galtzeko zorian, noiz eta sekula baino txakur gehiago daudenean. 
Bai. Baina badakizu: globalizazioa, modak... Artzain txakur bat da. Geroz eta artzain gutxiago dago. Gainera, globalizazioa dela eta, orain oso erraza da Australiako edo Bretainia Handiko arraza bat lortzea. Horrek artzainek pixka bat baztertzea ekarri du. Horri pixka bat buelta ematen saiatzen ari gara. 

Artzainak, baina kalekumeak...
Artzainak aipatu ditut, azkenean, artzain txakur bat delako. Nik ez dut ulertzen arraza hau lanean ez bada. Artzainek baztertzen badute eta bakarrik kalean egoten badira, niretako, pertsonalki, zerbait galduko dugu. 

Elkartea noiztik dabil lanean?
Txakur jabe batzuek euskal artzain txakurren aldeko irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortzeko ideia izan zuten 2016ko hasieran, eta urte bereko lastailaren 19an erregistratu zuten. Egoeragatik kezkatuta, zerbait egin behar zutela erabaki eta elkartu egin ziren. eataelkartea.org webgunea dugu.

Zein helburu ditu elkarteak?
Jende guztiari jakinaraztea euskal artzain txakurrarekin arazo bat dagoela. Eta, hortik aurrera, ahal dugun guztia laguntzea arraza aurrera eramateko. 

Zer egiten du elkarteak?
Egin dugun lan garrantzitsuena DNA ikerketa izan da, Euskal Herriko Unibertsitateko Lascaray zentroarekin batera. Jakin nahi genuen arraza barruan zenbateko aidetasuna zegoen. Endogamia mailaren arabera txakurrekin lana modu batera edo bestera egin behar da, gurutzaketak nola egin jakin eta dibertsitate genetikoaren hobekuntza lortzeko. Oraindik ikerketa argitaratu gabe dago, baina badirudi egoera ez dela oso larria. 

Artzain Egunean informazio postua jartzen duzue. 
Euskal Herrian barna feria askotan izaten gara. DNA ikerketa elkarteak kideen kuotekin ordaindu du. Ez dugu inolako dirulaguntzarik jaso, autogestioa da. Postutan saltzen ditugun kamiseta eta bestelakoekin ordaintzen dugu guztia. 

Bazkide asko zarete?
80 inguru garela uste dut. 

Euskal artzain txakur bat nahi duenak, zer egin behar du? 
Artzainen batek-edo esaten badigu kumeak dituela, eta beste artzain edo pertsonaren bat bila ari dela esaten badigu, saiatzen gara beraien artean kontaktua errazten. 

Zaintza berezirik behar dute?
Txakur oso gogorra da, hemengo eguraldi eta lurraldera egokituta dago, eta zaintzen oso txakur erraza da. 

Zein dei egiten diezue herritarrei? 
Batez ere, azienda duenak apustua egin dezala, bertako arraza delako. Azkenean euskal artzain txakurra ere gure ondarea da.