Astekaria

"Garbitu, txukundu eta jendea hartzeko prestatzen dugu"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko azaroaren 21a

Beriain San Donato Berrikuntza Taldeko kideak bideo emanaldiaren aurretik.

Nafarroan altuen dagoen ermitaren mantentzeaz arduratzen direnak eraikina berritu zela oroitzeko bideo emanaldia egin zuten larunbatean. Bazkaltzen 26 izan ziren. 

Agorrilaren 7an San Donato ospatzen da. Egun horretatik gertuen dagoen igandean Beriainen erromeria izaten da urtero. Egun horretarako ermita txukun egoteaz arduratzen da Beriain San Donato Berrikuntza Taldea. Jose Angel Bakaikoa Otsagabia eta Juan Miguel Etxabarri Razkin taldeko kideak dira. 

20 urte ermita zaharberrituta. 
Jose Angel. Egoera oso-oso penagarrian zegoen. Iruñeko talde bat zaharberritzeko lanak egiteko gauzak mugitzen egon zen. Herri bezala zerbait egin behar zela pentsatu genuen eta 2004. urtean sortu zen talde hau. Gaia mugitzen hasi ginen eta duela 20 urte lanak hasi ginen goiko lanarekin.

Zenbat urte ez zela ezer egin? 
Juan Miguel. Atzeneko lanak 1958. urtean egin ziren. Ermita erabat berritu zuten, ermitaren itxura, dena aldatu zuten. Aurretik zer eraikuntza zegoen ez dakit. Ramon Urmeneta arkitektoak egin zuen proiektua, ederra. Jendea lanean egon zen. Handik 20 urtera gauzak izorratzen hasi ziren.  

Lanek zenbat iraun zuten?
JA. Bai. 2004an hasi ginen eta azken ikutuak 2006an eman genituen. Lanak egiteko boluntario asko elkartu ginen, 80 pertsona inguru. Batez ere udako larunbat eta igandeetan buru-belarri ibiltzen ginen lanean. Lan asko egin zen. 

JM. Boluntario ia-ia guztiak sakandarrak izan ziren, Ollo ibarreko batzuk ere. Bertako jendea. Jendea lanerako prest zegoen. Eta eskerrak, hor goian lan izugarria zegoelako. Jendeari esker proiektua egin zen, bestela oso zaila litzateke egitea. 

Nondik atera zenuten dirua? 
JM. Taldeak ikusi zuen lehen premia izan zen hori. Dirua ateratzeko kamisetak eta euskal kanten letren liburuak saldu genituen, mus txapelketak antolatu, enpresei dirua eskatu genien... Anaitasuna elkarteak koilaratxoak egin zituen eta haiek ere saldu genituen. 

Bukatzean ospatu zenuten?
JA. Bai, goian. Lagun batek, Federicok, arkumea prestatu zuen eta festa modukoa egin genuen. Gustura egon ginen bazkaltzen. 

Lanak despedituta ere, taldeak lanean jarraitzen du. 
JM. Halaxe da. Obrak bukatuta, berehala ikusi genuen jendea hasi zela gauzak izorratzen: hormetan pintaketak, puskatutako kristalak... Eta pentsatu genuen: "urtero igo beharko dugu gauzak txukuntzera, bestela berehalaxe izorratuko da dena. Eta ohitura hori hartu genuen: erromeria eguna baino aste bat lehenago igo eta gauzak txukun utzi urte baterako. 

Zergatik egiten dituzte horrelakoak?
JA. Ez dakit. Gauzak izorratzeko batekin nahikoa da. Juan Miguelek esan bezala, batzuetan pintaketaren bat agertzen da. Gu urtero zortzi-hamar lagun elkartzen gara eta saiatzen gara urtero txukuntzera eta margotzera joaten. Aukera baliatu nahi genuke jendeari eskatzeko aterpeari errespetu pixka bat izateko, orain dagoen bezala urte gehiago irauteko. Aterpea denondako da ona, bai eguzki handiko egunetan itzaletan egoteko, bai ekaitzetik babesteko. 

Zein lan egiten dituzue urtero?
JM. Batzuetan horma guztiak pintatzen ditugu. Zorua garbitzen dugu. Teilatura igotzen gara harlauzak nola dauden ikusteko, zeren batzuetan haizerekin mugitu egiten baitira. Hala izanez gero, harlauzak porlanarekin hartzen ditugu. Urtero ateak bernizatzen ditugu. Garbitu, txukundu eta jendea hartzeko prestatzen dugu. 

Horretarako boluntarioak daude?
JA. Elkartzen gara. Materiala orotariko bi ibilgailuetan eramaten dugu. Han ematen dugu goiza. Ez dakit noiz arte eutsiko diogun, baina, tira, bakarren bat laguntzeko prest badago, beso zabalik hartuko dugu. 

Pintura, berniza... Dirua da. 
JM. Hala da. Kontu korronte batean (3008 0045 9113 6922 5915) zaharberritzeko emandako dirua genuen, baina gastatzen ari da. Dirua ateratzeko txapa batzuk egin ditugu eta bi eurotan salgai daude. Guri eskatu behar dizkigute. Bestela urteroko mantentze lana egitea ezinezkoa da, horregatik, jendeari dirua ematea eskatzen diogu. Bestalde, Instagram sare sozialean gaude: Beriain_sandonato. Han gure berri emanen dugu. 

JA. Txapa gutxi egin genituen. Ikusiko dugu gehiago egin eta tabernetan-eta salgai jartzen ditugun. 

Bideoa egin duzue. 
JA. Bai. Duela 20 urte egin zen. Baina orain hobetu egin dugu. Jende guztiak ikusi ahal izateko Instagramen jarriko dugu.

JM. Bideoan ermitaren Historia kontatzen da. Zaharberritze lanak agertzen dira eta lehengo eta oraingo itxura konparatzen dira. Gutxi gorabehera 40 bat minutu irauten du. Bideoa ikusita, harrituta gelditu ginen zenbat lan egin genuen eta zenbat jendek parte hartu zuen. 

Bideoa beste inon emanen duzue?
JA. Ez dugu ezer pentsatu. Baina Sakanako talderen batek eman nahi badu, bere elkartean edo bere mendi elkartean ematea, ez dugu joateko arazorik. Gu prest. 

Beste asmorik?
JA. Urteurrena zela eta bazkaria egin genuen larunbatean. 26 elkartu ginen, beste hainbatek ezin izan zuten etorri. 

2026ko agorrilaren 2an ermita txukuntzera joanen zarete?
JM. Suposatzen. Oraindik ez dugu hitz egin. Hilabete txarra da, jendea oporretara joaten da. Eta lanak egiteko jendea biltzea nahiko zaila da. Nahi duen guztia gonbidatuta dago. Azkenik, jendeari eskatzen diogu ermita eta aterpea zaintzeko eta ongi gordetzeko.