AHT ibilbide proiektua

Tren sozialaren alde eta AHTren kontrako manifestazioa deitu dute

Guaixe 2026ko urtarrilaren 26a

Uharte Arakilgo tren geltokian eman zuen plataformak prentsaurrekoa. UTZITAKOA

Martxoaren 14an, Altsasun, Tren Sozialaren aldeko plataformak, "herriaren borondatea errespetatzea, trenbide azpiegitura berri bat eraikitzeko proiektua gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea" eskatzeko manifestazioa deitu du. Azterlanari alegazioak aurkezteko kanpaina eginen dute.

Martxoaren 14an, 18:00etan, Altsasun Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eta tren sozialaren aldeko manifestazioa aurkezteko Itzako eta Sakanako ehunen bat pertsona elkartu ziren Uharte Arakilgo tren geltokian, ilbeltzaren 25ean. Tren Sozialaren aldeko plataformako kideek "irmoki" salatu zuten "Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak aurkeztu berri duen informazio azterlana. Proiektu hori ez da gure ibarrak eta bertako biztanleriak behar eta nahi duen tren eredua. Ministerioak berriro ere ez du kontuan hartzen egungo trenbideak eskaintzen duen aukera, bidaiariak nahiz salgaiak garraiatzeko hobekuntza, bikoizketa eta eguneratzearen bidez".

Nabarmendu zutenez, "Tren Soziala alternatibak lurralde kohesioa bermatzea, ingurumena errespetatzea eta bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetzen ditu, horretarako, trenbide sarea modernizatuz, merkantziak trenbidez garraiatzea bultzatuz eta gure herri eta eskualdeetako geltokiekiko konexio eta maiztasunak hobetuz". Plataformak mahai gainean jarritako proposamenarekin "aldirietako eta eskualdeetako konexioak hobetuko lirateke, geltoki guztiak berrituko lirateke, berri batzuk irekiz, geralekuak berreskuratuko lirateke eta ingurumen inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke". Gaineratu zutenez, "abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide plataforma bakar batekin betez". Tren Soziala proposamena "konponbide erreal eta teknikoki bideragarri bat" dela azpimarratu zuten, "egungo azpiegitura modernizatu eta egokitzeari esker, egungo trenek hobera egingo dute segurtasunean, eta lurperatzeak ere planteatu dira, adibidez Altsasun eta Agurainen, hiri integrazio hobea lortzeko". 

Ministerioak kasurik ez
Plataformako kideek salatu zutenez, "Ministerioak aurkeztutako informazio azterlanak ez du tren sozialaren alternatiba aintzat hartzen eta bakar bakarrik abiadura handikoak proposatzen du, beti trenbide plataforma berri bat erabiliz, nahiz eta batzuetan oraingoaren ondoan egon daitekeen". Gaztigatu zutenez, "egungo trazadura zati bat aprobetxatzea, haren ondoan bi bideko AHTrako plataforma berri bat jarrita, ezin da ingurumen inpaktu txikiko jardueratzat hartu, aurkeztutako proiektuan ziurtatzen den bezala". 

Azaldu zutenez, "Hendaia eta Bordele artean abiadura handiko tren azpiegitura berriaren proiektua arriskuan dago diru faltagatik eta Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek egungo trenbide trazadura hobetzeko proposamena egin ondoren, gure alternatibak eta obrak gelditzeko eskakizunak inoiz baino indar handiagoa hartzen dute".

Horrekin batera, gogorarazi zuten "Euskal Y aren eta Iruñearen arteko loturak eragindako udalerrietako Sakanako alkatetzen %93a planteatutako alternatiba gauzatzearen alde daudela, herritarren artean gai honen gainean dagoen adostasun zabala islatuz". Horregatik eskatu zuten: "herriaren borondatea errespetatzea, trenbide azpiegitura berri bat eraikitzeko proiektua gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea".