Igor Arrieta Lizarraga Uharte Arakilgo txirrindulariak profesional mailako bere hirugarren urteari ekingo dio UAE Emirates taldearekin. Saudi Arabian dago sakandarra, ilbeltzaren 27tik 31ra jokatuko den AIUla Tourrean parte hartzeko prest. Azaldu duenez, denboraldia hasteko gogotsu dago. “AIUla Tour lasterketa oso polita da, orain arte egon eta aritu naizen probekin alderatuta, ezberdina”. Jan Christen taldeko liderra babestea izango da bere lana. “Egun gogorretan aurrean egoten eta aukerarik ez galtzen saiatuko naiz”.
Orain arteko balantze positiboa egin du Arrietak. Iaz Ordizian garaipena lortuta, aurrera pauso bat eman zuen, eta Giroan eta bestelako lasterketetan maila ederra eman zuen, lanean eta lehiaketan gora egiten ari denaren erakuslea. 2026an bide beretik jarraitzea espero du, “pauso bat gehiago ematen eta hobetzen saiatzen”.
Egutegiari dagokionez, AIUla Tourraren ondotik Murtzian eta Jaenen ariko da Arrieta, Frantziako Klasikoekin eta Paris-Nizarekin jarraitzeko. Aurrerago, Miguel Indurain eta Euskal Herriko Itzulia daude bere egutegian, eta segidan urteko helbururik garrantzitsuena, Italiako Giroa.