Igor Arrieta Lizarraga (UAE Emirates) txirrindulariak ezin hobe hasi du 2026 denboraldia. Uharte arakildarrak Saudi Arabian ekin dio denboraldiari, AIUla Tourrean. Proba “oso polita” zela uste zuen hasieratik, eta primeran joan zaio. “Orain arte egon eta aritu naizen probekin alderatuta, lasterketa ezberdina da, oso polita”.

Jan Christen taldeko liderra babestea izan zen bere lana, eta lasterketan aukerarik ez galtzea. Eta estrategia primeran atera zaie, Jan Christensek irabazi baitu Tourra (17:23:43), AIUla Old Town eta Skyviews of Harrat Uwayrid arteko azken etapan (163,9 km) sekulako erakustaldia egin eta garaipena lortuaz, helmugara bakarrik iritsita. Igor Arrieta hirugarren izan da AIUla Tourrean, 21 segundora, azken etapan hirugarren sailkatu eta gero. Sergio Higuita (Astana) izan zen bigarrena, Christensenetik 15 segundora. Gainera, UAE Emirates-ek talde onenaren saria jaso du.
Arrieta pozarren dago. “Denboraldiari hasiera ona emanda AIUla Tourrean, pozik sailkapen orokorrean lortutako hirugarren postuarekin. Zorionak Jan Christen, garaipenagatik, eta taldekide guztiei egindako lanagatik” azaldu du Arrietak, euskaraz, bere sare sozialetan.
Saudi Arabiako probaren ondoren Murtzian eta Jaenen ariko da Arrieta, Frantziako Klasikoekin eta Paris-Nizarekin jarraitzeko. Aurrerago, Miguel Indurain eta Euskal Herriko Itzulia daude bere egutegian, eta segidan urteko helbururik garrantzitsuena, Italiako Giroa.
