Otsailaren 11n aurkeztu dute apirilaren 6tik 11ra jokatuko den 2026ko Itzulia, World Tour mailako proba ikusgarria, eta aspaldi erredakzioetan bolo-bolo dabilen berria konfirmatu da: etapetako bat Iruñean hasi eta Sakanan sartuko da, Uharte Arakilgo pistatik San Miguel portua igo, Lekunberrira jaitsi eta Astitzen, Mendukilo kobazuloan despeditzeko.
Lehen etapa Bilbon jokatuko den 14 km-ko erlojupekoa izango da. Bigarrena, apirilaren 7an jokatuko dena, Iruñean hasi eta Mendukilo kobazuloetan despedituko da (164,1 km). Hirugarrena Basaurin jokatuko da (152,8 km), laugarrena Galdakaon (167,2 km), bosgarrena Eibarko etapa Bergaran erabakiko den etapa gogorra (135,2 km).
Guztira 809,6 km edukiko ditu Itzuliak, metatutako malda 16.154 metrotik gorakoa izango da eta txirrindulariek 29 mendate puntuagarri izango dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, "ibilbidea txirrindulari osoentzat dago diseinatuta, trantsizioko etapa argirik gabe, eta mendia bera elementu iraunkorra izango da".
San Migueleko pistak erakartzen du
Bigarren etapa, Iruñean hasi eta Mendukiloko kobazuloetan despedituko dena, 164,1 kilometroko etapa gogorra izango da, exigentzia handikoa. Lizarraga, Zuarrarrate eta Aldatz igo ondoren, Uharte Arakilera joko du tropelak, pistatik santutegira igotzeko. Aralarko San Miguel pista igoera kategoria bereziko igoera da, 9 km baino gehiagokoa, %7,8ko desnibel ertaina duena eta 762 metroko desnibel pilatua. Horri gehitu behar zaio 16 km-ko jaitsiera bihurria eta azkarra duela. Azken 3,2 kilometroak, Mendukilo kobetara daramatzatenak, bereziak izango dira: lehen 2 kilometroetan Madotzeko igoerakoak dira, eta Astitzera iritsi baino lehen, Mendukilo kobazuloko desbideraketa hartuko da, 1,17 kilometrokoa, kobazuloen parean despeditzeko. Itzulia munduko txoko guztietan ikusiko dela kontuan hartuta, Mendukiloko kobazuloendako erakusleiho bikaina izango da.
Ez da Itzuliak San Miguel portua gaindituko duen lehen aldia. 2011Ko Euskal Herriko Itzuliko etapetako bat Zumarragan hasi zen eta Lekunberrin bukatu, Sakanan sartu eta Uharte Arakilgo pistatik San Miguel igo eta gero. Etapak ikusmin handia piztu zuen, San Migueleko pista txirrindula zalez bete zen, eta mendiko etapa hartan Movistarreko Vasil Kiryenka izan zen garailea.
Horretaz gain, Espainiako Vueltak , Emakumeen Nafarroa Klasikoak eta afizionatuen Nafarroako Itzuliak San Miguel portua gainditu izan dute aurretik.