Trenbideen azpiegituren ardura duen Adif enpresa Uharte Arakilgo bazterbidea egiteko lanak pasa den astean hasi zituen. Uharte Arakilgo tren geltokiko bazterbideak 610 bat metro ditu eta 750 metrora arte luzatuko dute. Bazterbidea Geltoki kaleko 12. zenbakiaren parean hasiko da, autobia gaineko zubiaren azpitik pasa eta 200 bat metro gehiago hartuko ditu Arruazu aldera. Zubiaur dermioan bukatuko da. Horretaz aparte, Uharte Arakilgo geltokian Altsasu aldeko nasa eraitsiko da eta Iruñea aldekoa luzatuko da. Tren bazterbidea luzatzeak elektrifikazioa handitzea eskatzen du, bai eta bide aparatuak, komunikazioak, segurtasun-instalazioak eta finkatzeak egokitzea ere.
Adifek Nafarroan hiru bazterbide egiteko lanak eman zituen: Caparroso, Artederreta eta Uharte Arakilgo geltokietako tren bazterbideak. Hiru tren bazterbide horiek egiteak 18 milioi euroko (BEZa barne) aurrekontua du. Lanek Europaren finantzaketa dute, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez. Europar Batasuna-NextGenerationEUk finantzatua da.
Adifeko arduradunek jakinarazi dutenez, "lanak batez ere gauez eginen dira, trenen zirkulaziorik ez dagoenean. Baina hala eskatzen duenean, tren garraioa moztu beharko da. Hori gertatu aurretik tren operatzaileak jakinaren gainean jarriko ditugu, bidaiariendako bidaia alternatibak opa ditzaten". Zubiaur dermiora makineria eta materiala eramateko larre batzuetan bidea egin da. Adifeko ordezkariek azaldu dutenez, "lan guztiek ingurumen erreparazioa dute". Bi urte izanen dituzte lanak despeditzeko.
Lanen zergatia
Lanen zergatiaren inguruan, Adifeko arduradunek azaldu dutenez, "bazterbideak luzatzeak trenbide sarearen elkarreragingarritasuna indartzen du, eta trenbide zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea areagotzen ditu, batez ere merkantzien trafikorako". Gaineratu dutenez, lan horiek trafiko gaitasun handiagoa eta karga zerbitzuen lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko dute". Zehaztu dutenez, "750 metroko bazterbideak funtsezkoak dira itsasoko eta trenbideko garraioaren arteko sinergiak aprobetxatzeko, mugikortasun iraunkorra eta lehiakorra bulkatzeko eta CO2 emisioak murrizten laguntzeko".
Adifeko ordezkariek azaldu dutenez, "obra hori TEN-T Europa Barneko Garraio Sarearen Korridore Atlantikoan salgaien trafikoa hobetzeko aurreikusitako ekimenen barruan dago". Gaineratu dutenez, "Garapen Jasangarriko Helburuetako 9.arekin (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) lortzen laguntzen du, betekizunetako bat baita azpiegitura fidagarriak, jasangarriak, erresilienteak eta kalitatezkoak garatzea".