Astekaria

Literatura, feminismoa eta sexualitatea

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko martxoaren 4a

Itxaro Borda idazlea. KULTURSHAREA.EUS

Martxoaren 6an, ostirala, Itxaro Borda idazleak euskal literatura, feminismoa eta sexualitatea gaien inguruko solasaldia emanen du, Uharte Arakilen, Literatura Geraldiak egitasmoaren barruan; haren literaturan oso presente dauden gaiak

Itxaro Bordak idazle gisa deskribatzen du bere burua, "poeta gisa, zentzu onenean eta txarrenean ere; erran nahi dut, ameslari, mundutik kanpo eta hori guztia sartzen da nire definizioan". Eta poesiaren bidez martxoaren 6an, ostirala, 18:00etan, Uharte Arakilgo udaletxean, Euskal literatura, feminismoa eta sexualitatea-ren inguruko ibilbidea eginen du, Sakanako Mankomunitateak antolatutako Literatura Geraldiak egitasmoaren barruan. Castillo Suarez izanen da gidaria. 

Martxoaren 6an "ordu batzuk" pasako ditu Bordak Sakanan, eta hori "atsegingarria" dela aipatu du Eneida Carreño GUAIXE IRRATI-ko esatariarekin izan duen solasaldian. Feminismoa, sexualitatea eta euskal literatura izanen ditu mintzagai: "Gaiari buruz beharbada izanen dira ni baino feministagoak, sexualitateari buruz ausartagoak eta euskal literatura gain-gainetik ikusten dutenak, baina niri gustatzen zait aipatzea barnetik eta inperfekzioetatik eta mugetik ere aipatzea". Hori eginen du, hain zuzen, Uharte Arakilen emanen duen solasaldian. Power point "polit bat" ekarriko du, eta poesiaren bitartez azalduko ditu aipatutako gaiak, "belaunaldiz belaunaldi" ibilbide poetiko bat eginez: "Amaia Lasa eta Arantza Urretabizkaiatik hasiko naiz gaur egungo garaira arte". Jendeak galderak eta oharrak egin ahalko ditu, "irekia izanen da". 

Feminismoa
Feminismoak "bete-betean" harrapatu zuela azaldu du Bordak: "Frantziskanoetan bazegoen halako emazte talde bat eta feminismoaren lehen urratsetan bertan hasi nintzela sentsazioa dut". Besteak beste, abortoa, bortxaketak, landa mundua eta emakumezkoen lekua aipatzen zituzten, baita beranduago homosexualitatea ere. "1970ko hamarkadan harrapatu niduen eta ordutik hor daukat nahiz eta talde finkoetan ez dudan parte hartu edo ez naizen militantea izan. Baina beti izan dut feminismoaren bandera horren inportantzia". XX. mendearen "iraultzarik handiena" izan dela sinisten du idazleak. 

Hastapenetan emakume gutxi ziren idazle euskal literatura, "Laura Mintegik esaten zuen bitxo raro izatearen sentsazio hori" zeukan Bordak. Konturatu ez baziren ere gizonezko kultur mundu batean ari ziren, "eta gizonezkoek beren indarra eta eskubideak dituzte nahiz eta ez dituzten egunero aldarrikatzen, egunero eta minutuero badute." Askotan irainduak izan dira, "eta horrek ematen zigun are gehiago borrokatzeko gogoa". Basilika liburuaren argitalpena aipatu du Bordak: "Eskandaloa sortu zuen; nobela horretan politika, eliza eta pornografia nahasten nituen".

Gaur egun "erosoago" sentitzen da. "Nahiz eta mugak hor ditugun eta aski da ikustea zenbait idazleri oraindik gertatzen zaizkien kritikak. Gizonezko mundu hipersentsible batean garatzen da gure sorkuntza". 

Sexualitatea
Literatura "bide baikor" bat izan da homosexualitatea publikoki esan baino lehen adierazteko. "Pertsonaiak sortu ditut gehienbat lesbianak, bisexualak, transexualak ere baditut ipuinetan... Ahalmen hori eman dit literaturak. Nik esan baino lehen, publikoki eta ahoz goraz, pertsonaia horiek sortzeko eta nire izaera gauzatzeko eta bizitzeko". Oraindik herrialde askotan taldetik kanpo esatea kostatzen dela aipatu du idazleak, "eta literaturan orain irakurle homosexual batek aurki ditzake bere gisako pertsonaiak, euskaraz; beste hizkuntzetan jadanik bagenuen homosexualitatearekiko hurbiltasun hori, eta uste dut gure belaunaldiak hori ekarri duela". 

"Gauza guztiak gure gorputzetatik pasatzen dira eta euskara erabiltzen dugunez gure mintzairatik ere pasatzen dira". Bordak azaldu duenez, belaunaldiko sortzaileak konturatu dira hizkuntzak desira desbideratzaile izateko orduan mugak ezartzen zituela, "kontuan izan behar da gure hizkuntza apaizen hizkuntza izan dela". Horregatik idazlearen zereginetako bat izan da "hizkuntzari muga horiek harago joateko saiakera bat", haren pertsonaien bidez.