Abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko lanak eman nahi ditu udalak

Guaixe 2026ko apirilaren 17a

Alaizgoiengo bidea. UDALA

Bide bat konpondu eta aska bat jarri nahi ditu. 

Uharte Arakilgo Udalak herri lurretako abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko lanak emateko deialdia egin du. Lanek 57.037,66 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Egitekoak bereganatu nahi dituenak bere proposamena apirilaren 23ko 14:00ak arte aurkez dezake. Kontratua eskuratzen duenak lanak egiteko 30 egun izanen ditu. Hori bai, lanek agorrilaren 18rako despedituta egon beharko dute. 

Bi lan egitekoak dira. Batetik, dermioaren hego-ekialdean dagoen Alaizgoiengo bidea konpontzea (330 metro). Hainbat abeltzainek erabiltzen dute bide hori aldamenean ustiategiak baitaude. Bide bazterrak sasiz garbitu, ezpondak berritu, zorua berdindu eta ura behar bezala bideratzeko neurriak hartuko dira. Bestetik, altzairu herdoilgaitzeko aska bat jarriko da porlanezko zolarri baten gainean. Aralar mendiaren magalean jarriko da, Budingurutze bazka gunean, han ura edateko punturik ez baitu aziendak. Askaraino ura eramateko Artxuetako biltegia erabiliko dute. Santutegirako errepidearen eta Artxuetarako bidearen bidegurutzetik askaraino polietilenoko hodia lurpean jarriko da (1.400 metro) eta sarearen mantentzea errazteko porlanezko kutxatilak ere jarriko dira.