Dirulaguntza deialdia egin du udalak

Guaixe 2026ko apirilaren 17a

Ubertearra udaletxean sartzear. ARTXIBOA

Herriko kultura, kirol eta gizarte entitateei zuzendutako deialdia da. 

Uharte Arakilgo Udalak herriko kultura, kirol eta gizarte entitateei dirulaguntzak emateko deialdia egin du. Deialdian interesa duenak bere eskabidea apirilaren 30erako aurkeztu beharko du udaletxean. Eskabide eredu ofiziala beteta aurkeztu beharko du, eta, horrekin batera, urteko egitaraua eta aurrekontua. 

Dirulaguntza deialdi horren bidez Uharte Arakilgo Udalak herrian honako ekintza eta jarduerak sustatu eta babestu nahi ditu: herrian herritarren parte hartzea bulkatzekoak, bizi kalitatea hobetzen dutenak eta kulturaren ezagupena nahiz garapena sustatzen dutenak, prestakuntzako, arte eta kulturako, gizarte eta kulturako edo/eta kiroleko jardunen bidez.

Dirulaguntza jasoko duten jarduerak bost izanen direla zehaztu du udalak: prestakuntzako jarduerak, helburu gisa populazioaren edozein sektoreren hezkuntza arautu gabekoa dutenak; arte eta kulturako jarduerak: antzerkia, musika, dantza, zinea, bideoa, literatura, arte plastikoak, folklorea eta antzekoak; gizarte eta kulturako jarduerak, helburu gisa herritarren sustapena dutenak; herriko arte eta kultura-ondarea babesteko jarduerak eta kirol ikuskizun eta jarduerak. Deialdiari buruzko informazioa uhartearakil.eus webgunean dago.