Txirrindularitza

Modu epikoan irabazi du Igor Arrietak

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 13a

Igor Arrieta hunkituta iritsi da helmugara. GIRO D´ITALIA

Txirrindulari uharte arakildarrak Italiako Giroko bosgarren etapa irabazi du, erorikoa izan eta bidez nahasi ondoren, helmugako azken metroetan Afonso Eulalio gainditu eta gero. Sailkapen orokorrean Eulalio lider jarri da eta Arrieta bigarren.

Igor Arrieta Lizarragak (UAE Emirates) profesional mailako bere bigarren garaipena lortu du, Italiako Giroko bosgarren etapa irabazi eta gero. Eta nola, gainera. 

Igor Arrietak eta Afonso Eulalio portugaldarrak (Bahrain) Praia a Mare eta Potenza artean jokatutako etapa euritsuari (203 km) ikuskizuna jarri diote. Hamahiru txirrindulariko talde batek osatu du eguneko ihesaldia, tartean bi txirrindulariak zirela. Helmugarako 62 kilometroren faltan Arrietak eraso egin du eta Montagna Grande di Viggianon minutu bateko aldea atera die. Afonso Eulaliok ihes egin du taldetik, eta Arrieta harrapatu du gailurra egiteko 2 kilometroren faltan. Biek elkarrekin egin dute gailurra eta etapa amaierara arte aurrera egin dute. 

Helmugatik 13 km-ra erorikoa izan du Igor Arrietak, aldapa behera zihoala. Hala ere, ez du etsi eta portugaldarra harrapatzen saiatu da. Eulaliok ere lurrean bukatu du helmugarako 2,2 kilometroren faltan. Baina hor ez dira kalamitateak bukatu, helmugatik 2 kilometrora Arrieta ibilbidez nahastu eta bide okerra hartu baitu. Baina buelta hartu, indarrak atera eta helmugako azken metroetan Eulalio harrapatzeko gai izan da Arrieta, eta etapa bukaera eroan garaipen epikoa lortu du uharte arakildarrak (5:07:51). Eulalio 2 segundora sartu da. 

Sailkapen orokorrean Afonso Eulalio da lider berria (21:27:43), eta Igor Arrieta bigarrena, 2:51ra. 

Hitzik gabe
Igor Arrieta ukondoak odoleztatuta iritsi da helmugara. “Ez dakit zer esan. Oso pozik nago. Garaipen honek esanahi handia du niretako. Giroa berezia da niretako, eta egin dugun etapa gogor honen ondoren bukaeraraino saiatu beharra nuen. Hutsik iritsi naiz, baina bera (Eulalio) ere bai. Biok merezi genuen garaipena, baina azkenean nirea da” azaldu du, hunkituta. “Laguntzera etorri naiz eta nire aukerak aprobetxatzera. Egun perfektua izan da. Familiari, neska lagunari eta nire entrenatzaileari eskertu nahi diet”.