Areto futbola

Aralar Mendi, kopako finalera!

Guaixe 2026ko maiatzaren 28a

Aralar Mendi ligan ez da horren fin ibili, baina kopa ikaragarria egin du. ARALAR MENDI

Uharte Arakilgo taldeak Gazte Berriak gainditu zuen finalerdietan eta hirugarren mailako areto futboleko kopako finala jokatuko du.

Uharte Arakilgo Aralar Mendi areto futbol taldeak hirugarren mailako kopako finala hirugarrenez jokatuko du. Maiatzaren 27an finalerdia jokatu zuen Gazte Berriak taldearen kontra, Antsoainen, eta lehia oso borrokatuan, azkenean uhartearrek lortu zuten finala jokatzeko txartela. 

Finalerdia hasi eta berehala, 2. minutuan, Eneko Cruzek Aralar Mendi aurreratu zuen. Gazte Berriak taldeak lehenbailehen berdindu nahi zuen, eta hala lortu zuen 4 minutu geroago. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, 25. minutuan, atzera ere Eneko Cruzek Aralar Mendi aurreratu arte, 1-2. Partida bukaerara iritsi ziren bi taldeak, eta bihotzekoa emateko moduko minutuak izan ziren, 37. minutuan Gaztek bina berdindu zuelako. Uhartearrek ez zuten etsi, eta 2 minutu beranduago Jon Iribarrenek garaipenaren gola sartu zuen eta 2-3 irabazita, Aralar Mendi kopako finalerako sailkatu zen. 

Finalean Ibararte taldea izango du aurkari Aralar Mendik. Federazioak oraindik ez du zehaztu finala noiz eta non jokatuko den. 2023an eta 2024an Aralar Mendik kopako finalak jokatu zituen, baina ez zuen trofeoa lortu. Esaera zaharrak dioen moduan, ea hirugarrenean lortzen den.