Txirrindularitza

Igor Arrietak podiumean despeditu du bere Girorik ikusgarriena

Guaixe 2026ko ekainaren 1a

Igor Arrieta, Erromako podiumean, Red Bull KM puntuazio saria jasotzen. UAE EMIRATES

Red Bull KM puntuazio saria irabazi du UAE Emirates taldekoak. Potenzako garaipen mitikoak eta sailkapen orokorreko hemeretzigarren postuak galoiak eman dizkio uharte arakildarrari.

Jonas Vingegaard (Visma) da 2026ko Giroko txapeldun handia, Felix Falli (Decathlon) bigarrenari 5:22 minutu aterata. Tadej Pogacar (UAE Emirates) izango du aurkari Frantziako Tourrean. 

Baina Giroak baditu beste txapeldun batzuk, eta horien artean dago Igor Arrieta Lizarraga (UAE Emirates) uhartearra. Arrietaren lana Adam Yates liderra laguntzea zen, baina Bulgarian izandako erorikoan hiru txirrindulari galdu zituen UAE-k, liderra tartean, eta taldearen estrategia aldatu zen: etapa garaipenen bila joatea. Eta primeran atera zitzaien. Horren isla, Arrietak Potenzan despeditutako etapa euritsuan lortutako garaipen epikoa, eroriko bati aurre egin, eta bidez okertuz gero, Afonso Eulálio (Bahrain) helmugan garaitu eta gero lortutakoa. Etapa garaipen horrek urrea balio du. Horretaz gain, beste zenbait etapetan ihesaldietan sartu eta denetariko saiakerak egin ditu. Sailkapen orokorrean Top20an sartu da, hemeretzigarren sailkatu baita, 55:20ra. Eta Erroman despeditutako azken etapan podiumera igo zen Igor, Red Bull KM puntuazio saria jasotzera. 

Denboraldi hasiera bikaina egin du Arrietak: hirugarren AIUla Tourren, Itzulian zortzigarren eta Basauriko etapan bigarren eta Giroko Potenzako etapa. Aurten despeditzen zaio UAE Emirates taldearekin duen kontratua, eta Lidl Trek-ek interesa baduela esaten da. Orain, atseden hartu nahi du Igorrek, denboraldiko bigarren zatiari ekin baino lehen. Harrera polita egingo diote Uharte Arakilen, merezitakoa.