Txirrindularitza

Ongietorri sorpresa Igor Arrietari

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 3a

Giroko etapa epikoa irabaztetik datorren txirrindulariak herritarren eta sakandarren omenaldi beroa jaso zuen.

Sakana erdiak bazekien, baina Igor Arrieta Lizarragak ez. Uharte Arakilgo plaza txiki geratu zen sekulako Giroa egin duen herriko semeari ongietorria egiteko. Aralar klubak Burunda gonbidatu zuen eta bi taldeko txirrindulariek, eta bestelako taldeetan ari diren txirrindulari femeninoek, pasabide ederra egin zioten txundituta zegoen Igor Arrietari. Aurreskuaren ondoren, zorion eta esker oneko mezuak jaso zituen Txomin Huarte alkatearen eta Aralar klubeko presidente Omar Sanchezen hitzetan. 

Igorrek hunkituta eskertu zuen omenaldia. Mikel anaiak prestatutako bideo batean lagunek, taldekideek, txirrindulari sakandarrek, Andra Mari ikastolako irakasle eta lagunen eta Aralar txirrindularitza taldeko kideen mezuak entzun ahal ziren, irribarreak eta malkoak sortu zituztenak. Auzate ederrarekin despeditu zen festa, Sakanako txirrindulariak, zaleak, lagunak, herria eta Sakana batu zituena. Txirrindularitzako aurpegi oso ezagunak bildu ziren, eta ETB1eko Biba Zuek! saioak zuzeneko konexioa egin zuen.