Astekaria

"Uharten, Aiztondo peñarekin bat egitea eta Alhondigatik pasatzea gomendatzen dugu"

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 22a

Iaz tradizioa berreskuratu eta peña sortu zuten, Aiztondo izenekoa. UTZITAKOA

Tufarrenea du izena Joritz Garces, Maddi Lakuntza, Eider Urdanoz eta Mikel Arrietaren kuadrillak. Festetarako "irrikitan" zeuden.

Tufarrenea, izen berezia. 
Uharte Arakilen tufarro edaten duen jendeari, mozkorrei deitzen diegu. Hortik hartu genuen izena. 

Tufarreneak festetako atorra berezia du?
Lehen kuadrilla bakoitzak bere atorra zuen, baina orain herri osoak berdina dugu. Azken urteetan jende berria etorri da herrira bizitzera, eta guztion artean ongi pasatzeko eta "kuadrillismo" kontu horiek pixka bat albo batean uzteko, guztiendako atorra bera egitea pentsatu genuen iaz, nahi duenak atorra egin eta festara batzeko. Harrera oso ona izan zuen.

Festetarako gogotsu egongo zineten.
Bai, oso. Ekainaren 19an hasi zirenfestak eta 24ra arte luzatuko dira, baina astelehena, ekainak 22, atseden eguna da. Asteartean Uharte Arakilgo Gazte Asanbladatik (UAGA) egun osoko egitaraua prestatu dugu, bazkaria, txaranga eta beste.

Zein da gehien festetan gehien gustatzen zaizuen ekitaldia edo unetxoa?
Bazkariak eta ondorengo txaranga. Duela urte asko bazegoen kuadrilla bat, Los Chisperos deitzen zirenak, peña bat osatzen zutena, pankarta eta guzti, eta musikarekin, akordeoilari batekin herriari buelta ematen ziotena. 1983ko euren argazki bat aurkitu genuen. Tradizio hori utzi egin zen eta iaz berreskuratu genuen. Horrela, Aiztondo peña sortu genuen –Aiztondo San Miguelen dagoen kobazulo baten izena da–, eta iazko festetan peñarekin ateratzen hasi ginen. Pankarta egin genuen, herriko kontuak eta kritika soziala jasotzen zituena. Sekulako harrera izan zuen; helduak oso pozik jarri ziren. Pankarta atera, eta txarangarekin herri guztian barna sekulako giroa sortzen da. Une horiek festetako onenak dira. Aurten bigarren urtea dugu.

San Juanetako larunbateko parrillada festetako klasikoetako bat da.
Kuadrilla bakoitzeko bi arduradun daude eta auzolan bidez udalak utzitako mahaiak eta aulkiak muntatzen ditugu denen artean. Gero, kuadrilla bakoitzak bere parrila edo sua eramaten du, eta bakoitzak bere bazkaria prestatzen du. Parrilladan herri guztia biltzen da, kuadrilla guztiak. Bazkari jendetsuena da.

Bazkari landua prestatzen duzue edo di-da momentuan sortzen dena eta listo?
Guk beti dena azkeneko orduan egiten dugu (kar-kar). Aurretik ez genekien zer bazkaldu behar genuen ere. Larunbat goiza iritsi, eta zegoena bazkaldu genuen, azken momentuan lortu genuena. .

Gurasoen mahaira joan eta haiena hartu, agian?
Gurasoek, ez dakigu, baina egia esan azkeneko urteetan catering-ek kuadrilla askori pila bat lagundu digute.

Zuen kuadrillan, beraz, ez dago Argiñano askorik.
Mikel Arrieta eta Mikel Navarro baditugu, gainontzekoek baino gehiago sukaldatzen dutenak. Patata tortilla egiten dute, oso ona.

San Juan bezperan suak prestatzen dituzue?
Normalean kuadrilla bakoitzak bere sua prestatzen du. Herriko kale nagusitik zubira arte, suak bata bestearen atzetik saltatzen dira korrika batean, denak segidan. Joaldunak egoten dira, eta aurten txaranga egongo da ere bai. Oso polita da. Guk haurrak ginenean gure sua prestatzen genuen, baina orain gainontzekoen suak saltatzen ditugu.

Sakandarrak zergatik joan beharko ginateke Uharte Arakilgo festetara?
Dugun herri giroagatik; Uharte Arakilen sekulako herri giroa dago. Agian herri handiek ez duten herritasun puntu hori dugu, oso polita dena. Herri osoa ateratzen da festetan, eta oso batuak gaude. 60 urteko batekin, 50 urtekoarekin edo 14koarekin egon gaitezke parrandan. Eta hori da politena, bereziena. Gehien bat lakuntzarrak, arruazuarrak eta irintarrak etortzen dira festetara, eta bat gehiago bezala dira.

Uharte Arakilgo Alhondiga famatua da.
Bertan "la creme de la creme" biltzen da. Udaletxeko behealdean dagoen txokoa da Alhondiga, eta bertan egiten dira auzate guztiak, txupinazo egunekoa izan ezik. Alhondigari "el transformador" deitzen diote, bertan sartu, batekin eta bestearekin hitz egiten hasi, zilarrezko katiluetan ardoa edan, eta ez dakizulako nola aterako zaren (kar-kar). Jende guztia ongietorria da Alhondigan, eta bertatik pasatzea gomendatzen dugu. Tradizio oso polita da.