Aralar Txirrindularitza Taldeak larunbatean antolatutako I. San Migel Kronoigoera arrakastatsua izan zen. Kadete mailan 88 txirrindulari igo ziren Uharte Arakilgo zubitik San Migeleraino, eta juniorren mailan, 32. Lehen mailako San Migel portua igotzeak nahikoa meritu badu –10 kilometrotan %7,8ko batez besteko malda du–, eta horri larunbateko sargoria gaineratu zitzaion. Zalantzarik gabe, proba oso gogorra izan zen.
Antolakuntzakoak pozik zeuden. "Duela 30 urte Uharte Arakilgo festetan antolatu zuten lehendabizikoz San Migelgo Kronoigoera, Uharteko plazatik abiatuta. Nik neuk oraindik gogoan dut. Aurten, herriko obrak direla eta ezin izan dugu plazatik abiatu, eta zubitik atera behar izan dugu. Uste dugu neska-mutilendako esperientzia ederra izan dela; gogorra, baino ederra" azaldu zuen Aralar klubeko presidente Omar Sanchezek.
Denborak
Aurtengo Itzulian 19 urteko Paul Seixas-ek San Migel igotzen errekor berria ezarri zuen (24:56), justu portuko igoera iragartzen duen karteletik. Larunbatean aritu zirenak minu batzuk gehiago behar izan zituzten, baina berotzarra eta distantzia pixka bat gehiago zutela kontuan hartuta, ederki aritu ziren.
Mutilen kadeteetan Hugo Alonso (Erro y Eugui) bikain aritu zen (34:05). Minutu pasa atera zion Daniel Casasi (Huesca la Magia, 35:09). Lehen sakandarra Egoi Urtasun izan zen (Quesos Albeniz, 36:36). Gainontzeko sakandarrak oso fin aritu ziren: Akior San Roman 12. (38:46), Xabier Gorriti 13. (39:24), Mikel Casado 18. (40:06), Ekaitz Zufiaurre 22. (41:05), Iker Agirre 25. (41:33), Daniel Curiel 35. (43:35) eta Unax Galardi 37. (44:10).
Nesken kadete mailan Noa Garcia (Timac Agro Ermitagaña) izan zen azkarrena (53:44). Bere bi taldekide sakandarrak ederki aritu ziren. Izaro Etxeberria bigarren izan zen (54:22), eta Ane Rubio hirugarren (57:57).
Juniorretan Conor Aranburu (Zu eta Biok) izan zen protagonista (32:57). Aratz Gurrutxaga taldekideari 2 minutu pasa atera zizkion (34:27). Bost sakandar Top10ean sailkatu ziren: Unai Gomez bosgarren (35:24), Urko Oiarbide seigarren (36:09), Mikel Arrizabalaga zazpigarren (36:09), Ekai Erdozia bederatzigarren (36:24) eta Manex Huarte hamargarren (36:33). Gainontzekoak, oso fin. Javier Arenal 13. sailkatu zen (37:43), Janitz Zufiaurre 15. (38:03), Unai Okariz 16. (38:27), Xabier Curiel 17. (38:30), Unax Etxeberria 23. (40:24), Oier Pagola 24. (40:46), Alex Gonzalez 25. (41:33), Ibai Galarza 27. (42:51) eta Asier Flores 29. (44:22).