Txirrindularitza

Igor Arrieta, Austriako Tourreko hirugarren etapan bigarren

Guaixe 2026ko uztailaren 13a

Igor Arrieta, helmugan bigarren. UTZITAKOA

Uhartearrak sasoi betean segitzen du eta Austrian hamabigarren sailkatu da. Datorren hiru denboraldietan Lidl-Trek taldean ariko dela zabaldu da.

Igor Arrieta Lizarraga (UAE Emirates) txirrindulariak sasoi ezin hobean segitzen du. Giroan etapa bat irabazi eta gero, bost etapa dituen Austriako Tourrean ikusgarri aritu da. Horren isla, hirugarren etapan eguneko ihesaldian sartu zen. Lehia oso gogorra izan zuen Neilson Powlessekin (EF Education-EasyPost), baina azkenean esprintean Powless nagusitu zitzaion. 

Gregor Mühlbergerrek (Austriako Selekzioa) irabazi du Austriako Tourra (19:26:11). Igor Arrieta hamabigarren izan da, 5:28ra. 

Nolanahi ere, sasoi betean segitzen du uhartearrak. Datorren hiru denboraldietan Lidl-Trek taldean ariko dela diote kirol eta txirrindularitza medioek, aurretik taldekide izan zuen Juan Ayusorekin.