Ezohiko baratza du Tomas Navarro Lizasoainek: bankaletan edo 60 bat cm-ko altueran ditu baratzeko sailak. "Lehen urtean lan egin behar izan nuen, baina orain abantaila handia da. Lasai ibil naiteke eta ez dut erraietako minik. Aitzur txiki bat beste tresnarik ez dut erabiltzen. Beharbada lurrean landatuta baino hiru aldiz gehiago ematen du baratzeak". Ekologikoan lantzen du baratzea, ez ongarri ez intsektizida kimikorik. "Horrela nabilenetik ia ez dut gaixotasunik".
Kontuan izan behar da ez dela landarea elikatu behar, lurra baizik
Jubilatu aurretik erretiroan zer egin zezakeen pentsatzen hasi zen, eta baratzea hartzea erabaki zuen. Lanean zela hasi zen baratzean, zerotik. "Hasieran denak landatzen zuten bezala landatzen nuen, lurrean. Jendeak irakasten zidan noiz landatu". Ondoren etorri zen altueran landatzeko ideia. Ikastaroak egin zituen eta altueran lanean jarraitzea erabaki zuen.
Negutegia ere hasieran jarri zuen. Udan itzala emateko "manta" moduko bat jarri du, "landareak erre ez daitezen". Neguan, berriz, "manta termikoa" jartzen du eta horrek negutegian lauzpabost gradu igotzen ditu.
Lanketaz
Baratzera egunero joatekoa da Navarro, "baita elurretan ere". Beroak kalte egin die baratzeko landareei: "loretu dira, baina lorea erori zaie". Eta haiek gabe, fruiturik ez. "Orain tomate landareak berpizten saiatzen ari naiz, sikiera udazkenean eman dezaten". Negutegian dituen tomateak, urte normal batean, garagarrila hasieran hartzen hasi eta ia abenduraino egoten da. Gauza bera lekekin. Letxugak urte guztian ditu. Orain leka pixka bat landatuko du eta agorrilaren erdialdean berriro. Horrela uzta luzatzen du. "Lur honetan gehien ematen duena zainzuria da", ziurtatu du. Martxo akaberatik garagarrilaren hasierara arte hartzen ditu.
Errotazioa egiten du: sail batean landatutako barazkia hurrengo urtean beste sail batean landatzen du. Landareen inguruan hazten diren belarrak ez ditu kentzen. "Ureztatzean itzala egiten dute eta hezetasuna mantentzen laguntzen dute. Horrela gutxiago ureztatzen da". Eta helburu berarekin altuerako sail guztietako lurra xehatutako pago orbelarekin edo agotzarekin estalita ditu. Baina materia organiko horrek hurrengo urtean lurra ongarrituko du. Gainera, lastailean edo azaroan konposta botatzen du sailetan. "Horrela lurra udaberrirako ongarrituta dago. Kontuan izan behar da ez dela landarea elikatu behar, lurra baizik. Landarea jakintsua da eta hartuko du behar duena".
Ziurtatu duenez, "nik lehendabiziko platerekoa ez dut sekula erosten, urte guztian barazkiak baititut". Lur gozoa duenez, eskuz pixka bat baztertu eta berehala gelditzen dira patatak agerian. "Landatutakoaren berri liburu batean jasotzen dut: non zer jarri dudan. Eta gaizki ateratzen dena, zuzendu behar. Ongi ateratzen dena, aurrera segi". Baratzea ureztatzeko Navarrok ibaiko ura hartzen du, horretarako baimena baitu. Baratzean bakarrik ibiltzen da ubertearra. Hala ere, baratzeko aldamenekoekin hizketatzen da Navarro.
Baratzeak Navarrori "poztasun izugarria" ematen dio. "Gustura" dago, "baratzerik gabe ni ez naiz inor". Ziurtatu duenez, "niretako bizi osoa izan da. Emaztea 16 urtez oso gaizki egon zen eta azaroan hil zen. Baratzeari esker emaztearena eraman ahal izan nuen. Ihesbidea izan da. Bizpahiru ordu etortzen nintzen. Guztia ahazten zitzaidan, eta etxera emaztearekin egoteko eta gauzak egiteko gogoz bueltatzen nintzen".
Navarrok "guztioi" gomendatuko liguke baratzea izatea. "Hori bai, txikiarekin hasi eta, pitteka, gogoa eta ilusioa piztearekin batera, handitzen joan dadila".