Artzain sakandarrek sariak eraman zituzten etxera

Guaixe 2026ko abuztuaren 31

Aralar Mendi elkarteak antolatuta Artzain Egunean, besteak beste, gazta, esne eta txakur artzainen txapelketa izan ziren. Sakandarrek sariak eraman zituzten etxera. 

Abuztuaren 30ean antolatu zuen Aralar Mendi elkarteak 2026ko Artzain Eguna. Arduradunek esan dutenez, "jende asko bildu da eta antolakuntzatik eskerrak eman nahi dizkiegu Uharte Arakilera hurbildu diren guztiei, egun hau normaltasun osoz ospatu ahal izan delako. Antolatzaileek gure helburu guztiak bete ditugu, bai bertaratzeari dagokionez, bai jaiaren garapenari dagokionez .

Gazta feria, artisau feria, produktuen azoka eta bestelakoen azokez aparte, Uharte Arakilera hurbildutakoek gazta nola egiten zen zuzenean ikusteko aukera izan zuten. Ardi saldoak eta tokiko txakur arrazen erakusketak izan ziren. Gazta lehiaketako epaileak goizetik lanean zeuden. Hogei gazta dastatu behar izan zituzten. Onena Loperena gaztandegikoa izan zen. Gazta lehiaketan Dorraoko Utxama eta Arruazuko Albi gaztandegiak bigarren eta bosgarren postuak lortu zituzten. Sari banaketen ondoren gazta irabazlearen enkantea egin zuten eta harengatik Cintruenigoko Maher jatetxeak 5.000 euro ordaindu zituen, gazta erdiagatik joan zen urtean ordaindutakoa baino 50 euro gehiago. 

Bestalde, antolakuntzak azken 25 urtetan Artzain Eguneko esataria izan den Luis Mari Bengoa omendu zuen. Omenduak Jose Mari Ustarroz izan zuen gogoan. 

Gainberako zelaiak 58. Nafarroako Artzain Txakur Txapelketa hartu zuen. Hiru nafarrek eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste hiru artzain gonbidatuk parte hartu zuten. Haien artean Jesus Razkin etxarriarra eta bere Mendi txakurra zeuden. Aurreneko ariketan artzainek txakurra antolakuntzak markatutako ibilbidean barna gidatu behar zuten. Zazpi minutu izan zituzten horretarako. Lan horren ondoren Jorge Oteiza eta Lagun txakurra buruan zen, eta etxarriarra hirugarrena zen. Lau izan ziren bigarren probara pasatzea lortu zuten parte hartzaileak. Egin beharrekoak egiten onenak Fidel Alonso eta Lis txakurra izan ziren. Razkin bigarrena gelditu zen, baina lehen nafarra zenez, etxarriarrak bigarren urtez jarraian jantzi zuen txapela. Horretaz aparte, Oñatin jokatuko den Nazioarteko Txapelketan eta Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko txartelak eskuratu zituen. Etxarriarrak, gainera, artzain txakur onenaren saria eskuratu zuen. 

Erlazionatuak