Artzain Egunean taloak saltzen egon ondoren, alde egiteko garaian, talogileak haien autoko aurreko gurpila zulatua ote zuen begiratzen ari zirela, bi pertsona gidariaren laguntzailearen aulkian zegoen poltsa hartu eta lasterka alde egin zuten. Poltsan egun osoan lanean lortutako 2.000 euroak zeuden. Inguruan zegoen jendeak erantzun azkarra izan zuen eta bi pertsonen atzetik joan ziren. Haietako batek hanka egitea lortu zuen, bestea herritarrek harrapatu zuten, baina alde egitea lortu eta ihesean jarraitu zuen, Zerradoa auzorantz. Bi pertsonek lapurtutako poltsa ihesean zihoazela bota zuten.
Artzain Egunean zeuden foruzainek gaztigatuta, Altsasuko polizia etxeko patruila Uharte Arakilera joan zen. Zerradoa auzoan hiru pertsonak poliziei jakinarazi zieten lapurra autobia zeharkatu zuela. Foruzainak Sargaitz industrialdeko kamioi baten azpiko aldean estalita opatu zuten lapurra. Atxilotu egin zuten.