Astekaria

Harpa Zamartzen

Guaixe

Alicia Griffith harpa jotzailea Zamartzen. UTZITAKOA

Alicia Griffith Turrillas harpistak kontzertua eman zuen Uharte Arakilen

Duela lau urte inguru Alicia Griffith Turrillas harpa jolea Urritzolara bizitzera joan zen. Udan harpa topaketa antolatzen zuen eta espainiar estatu osotik harpa joleak Arakilgo herrira joan izan dira instrumentua jotzeko eta trebatzeko. Udaleku bereziaren amaieran kontzertua ematen zuten Urritzolako elizan. Aurten topaketaren bosgarren edizioa izango zen, baina Griffithek ezin izan du "ezer" antolatu, "eta izugarrizko pena ematen dit". Hala ere, udaren erdian azaldu zuenez, "zerbait" antolatuko zuen, "ziur; ikastaro bat ez bada, agian jardunaldi bat edo kontzerturen bat... Zerbait". 

Kontzertua
"Ez dut uda pasatzea nahi izan ibarren musikarekin zerikusia duen zerbait egin gabe". Pentsatu eta egin; irailaren 6an harpa kontzertua eman zuen Uharte Arakilgo Zamartze santutegian. "Bertan haiekin bideo bat grabatzen egon nintzen duela zenbait hilabete, eta eskertza moduan, kontzertua eskaintzen diet". Emanaldia"oso ongi" joan zela esan du Griffithek. "Eliza bete egin zen, publikoa oso ona izan zen eta asko disfrutatu zuen". Elizaren akustika ere "oso ona" zela aipatu du musikariak, "nik asko jotzen asko disfrutatu nuen".   

Oso txikitatik harpa gustatu izan zaiola azaldu zuen musikariak; ez daki nondik datorkion zaletasuna, baina zazpi urterekin instrumentua aukeratu behar zuenean gitarra aukeratu zuen, "oso pozik, "baina harpa eskatzen jarraitu zuen eta kontserbatorioan harpa ikasketak jarri zutenean hasi zen.

"Gogo" handia zuenez, "ez ninduen inork gelditu", eta goi maila egitera iritsi zen, Londresen. Hamabost urtez ikasten egon da harpa, eta orain musika klasikoa ez ezik, beste estiloekin ere uztartzen du instrumentua.