Urteroko hitzordua eta jaia du Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) iraila akaberan: Alderdi Eguna. Aurtengoa ospakizun horren 50. edizioa izanen da eta Forondako zelaietan ospatuko da irailaren 27an. Aurtengo ospakizunaren leloa Alderdia Bizi da. Ospakizunaren 50. edizioa dela eta, EAJk hori gogoratzeko hainbat ekitaldi eta ekintza antolatu ditu. Esaterako, alderdiaren zuzendaritzak, Euskadi Buru Batzarrak, Aralarren eginen du bere asteroko bilera gaur, irailak 21.
Duela 50 urte
EAJk bere urteroko festa handia aurrenekoz Aralarko santutegian ospatu zuen 1977ko irailaren 25ean izan zen. Ospakizuna "Batasuna eta Indarra" lelopean egin zen. Alderdiaren zuzendaritzatik dei berezia egin zen ekitaldira familiekin joateko, euskal alderdikideen harremanak berreskuratzeko jai-giro hurbil eta segurua bermatu nahian. Izan ere, "lau hamarkadako debeku eta ezkutuko bizitzaren ostean, ezinbestekoa zen elkar ikustea eta indarrak neurtzea". 80.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren Aralarren.
Prestatutako egitaraua 09:00etako mezarekin hasi zen. Komunikatuen irakurketa 11:00etan egin zen. Alderdiko udal erakundeen desfilea 11:30ean egin zen eta ondoren, eguerdian, mitin nagusia izan zen. Hizlariak izan ziren: Arantzazu Amezaga (Leizaola lehendakariaren mezua irakurri zuen), Felix Bilbao (EGIren izenean), Manuel Irujo (86 urte bete zituen egun hartan) eta Carlos Garaikoetxea. Gainera, alderdiaren norabidea finkatzen zuen adierazpen edo manifestu bat landu eta argitaratu zen.
Aralarrera igotzea ez zen erraza izan jeltzaleendako. Alde batetik, jendetza handia izan zen eta Lekunberritik abiatzen den errepidea besterik ez zegoen mendi gainera igotzeko. Bestetik, Guardia Civilak kontrolak jarri zituen. Beraz, ez zen trafiko arinik izan. Eta, esaterako, Zaldibartik abiatutako batzuk zazpi ordu behar izan zituzten mendi gainera iristeko. Beste batzuk ez ziren iritsi, bide erdian autobus gidariak ibilgailua gelditu eta hanka egin zuelako.
Santutegi ingurura iritsi zirenek une hunkigarriak bizi izan zituzten, esaterako: fuselajean ikurriña margotua zuen hegazkin txiki batek Aralarko zerua zeharkatu zuen edo kometa baten gisa haizearekin jolasean zebilen ikurriña erraldoi bat izan zen.
