Txirrindularitza

Igor Arrieta, Lidl-Trek-era

Maider Betelu Ganboa

Igor Arrieta, Coppa Sabatinin. UAE EMIRATES

Uhartearrak UAE Team Emirates taldea utzi eta 2029ra arte sinatu du talde estatubatuarrarekin. Iruñeko kaleetan grabatutako bideo promozio batekin eman dute albistea.

Txirrindularitza munduan aspaldiko zurrumurrua zen, baina atzo Igor Arrieta Lizarragak eta Lidl-Trek taldeek konfirmatu zuten, eta modu berezi batean: Iruñeko kaleetan grabatutako bideo promozio berezi batean bote egiten duten bi laranja erraldoi azaltzen dira, eta atzean, pankarta baten gisa, mezua: Igor Arrieta Lidl-Trek taldeko txirrindularia izango da 2027tik 22029ra. Igor Arrietak bere sare sozialetan zabaldu zuen aipatu bideoa. Horrela, UAE Emirates taldean hiru kanpaina zoragarri egin eta gero talde estatubatuarrera helduko da Igor Arrieta. Han Juan Ayuso taldekide ohia izango du zain besoak zabalik.

Igor Arrietak 23 urte ditu eta aurten despedituko du UAE Team Emirates taldearekin duen lotura. Hiru urte daramatza bertan eta talde honekin debutatu zuen WorldTour kategorian, 2024an. Andy Schleck-ek gidatzen duen Lidl-Trek taldera salto egitea bere ibilbidean pauso estrategikoa da, nazioarte mailan proiekzio handia duen taldera baitoa. Juan Ayuso, Mattias Skjelmose, Mads Pedersen, Giulio Ciccone edo Felix Gall izango ditu taldekide ibilbide berrian.

UAE Emirates taldean asko ikasi du eta profesional mailan bi garaipen lortu ditu. 2025ean Ordiziako Klasikoa, eta 2026an Italiako Giroko bosgarren etapa, Potenzakoa, modu epikoan. Horretaz gain, aurten  bigarren izan zen Ordiziako Klasikoan, AIUla Tourrean hirugarren sailkatu zen, Itzauliko hirugarren etapan bigarren sailkatu zen, sailkapen orokorrean zortzigarren, eta Top10ean sarritan sailkatu da. Esaterako, berriki jokatutako Skoda Tour de Luxembourgten bosgarren sailkatu zen sailkapñen orokorrean.

Orain, Mundialak
Egunotan Munduko Txirrindularitza Txapelketak jokatzen ari dira Montrealen eta Igor Arrieta Espainiako selekzioarekin ariko da, errepideko lasterketan. Alejandro Valverdek gidatzen duen taldean Enric Mas eta Juan Ayuso liderrak laguntzea izango da bere lana, Markel Beloki, Carlos Verona, Ivan Romeo, Raul Garcia Pierna eta Marcel Camprubi txirrindulariekin batera.

Irailaren 27an, igandea, 273,4 km eta 3803 m desnibel + izango duen lasterketa gogorra dute aurretik. Desafio latza da, baina Arrietarendako aukera bikaina.