Aralar Mendi elkarteak irailaren 20an antolatutako 17. Uharte Arakil Beriain Km Bertikala eguraldi freskoarekin hasi zen, baina lehendabiziko maldak gainditu eta berehala eguzkia gogor jotzen hasi, eta azkeneko metroak gogorrak izan ziren mendi korrikalariendako. Guztira 193 korrikalari zeuden izena emanda proba ikusgarrian, baina horietatik 20 ez ziren atera. Gainontzeko 173ak Beriaineko puntara iritsi ziren. Uda beroaren ondorioz, ibilbidea lehor lehorra zegoen, penagarri.
25 sakandar
Uharte Arakilgo frontoitik binaka atera ziren korrikalariak. Aurten 25 sakandar lehiatu ziren proban, 18 mutil eta 7 neska. Beriain puntaraino, 5 km eta 1.023 m desnibel + zituzten, eta malda gogorrak, azkenak bereziki. Aurten irabazle berria izan zuen Bertikalak, Aramaioko Aitor Ugarte (40:47). Ugartek ez zuen 2015ean Aitor Osak ezarritako errekorra gainditu (39:54), baina sari ematean oso pozik zegoen. 1:24 atera zion Etxauriko Xabier Macias korrikalariari (42:11), eta 1:32 Gasteizko Iñigo Gueretari (42:19). Sakandarren artean Iraitz Goñi arbizuarra izan zen azkarrena, sailkapenean hamaseigarrena (47:21) eta bigarren beteranoa, 14. sailkatu zen Alberto Lamarianoren (47:15) atzetik. Hirugarren beteranoa Aritz Munarriz etxarriarra izan zen (48:49).
Emakumezkoetan Etxauriko Uxue Loizuk hegan egin zuen (50:39). Ez zuen 2019an Ainhoa Sanzek ezarritako errekorra gainditu (47:54), baina alde handiz nagusitu zen. Lazkaoko Maider Unanueri 2:15 atera zizkion (52:54) eta Aretxabaletako Garazi Abasolori 2:42 (13:17). Izaskun Beunza olaztiarra ikusgarri aritu zen. Emakumezkoen sailkapenean bosgarren izan zen (54:03), lehen sakandarra eta probako lehen beteranoa.
Juniorren kasuan, Peio Ziarsolo (48:50) eta Naia Cob (54:11) sailkatu ziren lehenak. Gure juniorrak ikusgarri aritu ziren ere bai. Victor Fernandez irurtzundarra bosgarren juniorra izan zen (54:38), eta Ekhi Guirado altsasuarra seigarren (56:57).
Korrikalari uhartearren artean Jose Javier Beregaña (1:06:19) eta Maite Beregaña (58:42) lehengusuak izan ziren azkarrenak. Jose Luis Beraza ez zen aritu, eta faltan bota zitzaion.
Giro ederra eta jende asko
Beriaingo magalak ikuslez bildu ziren, eta Uharte Arakil ere bai, auzate ikusgarriaren eta sari ematearen tartean bereziki. Aralar Mendik boluntario ugari mobilizatu zituen eta Km Bertikala, beste behin, uhartearrendako festa egun ederra izan zen.
Juanjo Goikoetxeari aitortza berezia
Juanjo Goikoetxea Berasategi izan da Km Bertikalaren antolakuntza buru 17 urte hauetan. Aralar Mendiko taldekideek omenalditxoa egin zioten. "Ez nuen espero, flipatuta geratu nintzen. Nik bakarrik ez dut ezer egiten, talde bat gara eta taldeak antolatzen du Bertikala, herriaren laguntzaz". Goikoetxeak karguan jarraituko du.
Sakandarrak XVII. Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean
Gizonak
1. Aitor Ugarte 40:47
16. Iraitz Goñi 47:21
17. Ekhi Congil 47:22
18. Ibai Huarte 47:53
22. Aritz Munarriz 48:49
27. Adrian Martinez 49:53
39. Jon Mendia 52:18
57. Victor Fernandez 54:38
60. Jon Gil 55:21
62. Iker Agudelo 55:32
70. Joxeja Maiza 56:36
73. Ekhi Guirado 56:57
80. Iosu Urriza 57:29
96. Carlos Mañeru 1:00:04
99. Eneko Otsagabia 1:00:46
119. Jon Orella 1:04:16
129. Jose J. Beregaña 1:06:19
151. Haritz Goikoetxea 1:10:33
167. Jose A. Salgado 1:20:48
Emakumeak
30. Uxue Loizu 50:39
50. Izaskun Beunza 54:03
83. Ines Moreno 58:06
92. Maite Beregaña 58:42
97. Maite Zabaleta 1:00:34
116. Marina Zabala 1:03:16
136. Iosune Urra 1:07:43
146. Uxue Etxeberria 1:09:40
