Elite mailako gizonen errepide lasterketarekin despeditu ziren Montrealgo Munduko Txirrindularitza Txapelketak. Alejandro Valverde hautatzaileak gidatutako selekzioko kide Igor Arrieta Lizarraga uhartearra zen, eta bere egitekoa Juan Ayuso eta Enric Mas liderrak laguntzea zen, proba oso gogorrean zen (273,2 km eta 3803 m desnibel +).
Lehendabiziko 100 km-etan ihesaldi handia izan zen, baina behin lasterketa Mont Royal zirkuituan sartuta, Voie Camillien-Houde gaineko igoerek tropelean selekzio latza egin zuen. Lasterketa helmugarako 70 kilometroren faltan apurtu egin zen. Ayusok faboritoen taldean eutsi zuen, baina helmugarako 34 kilometrotara tropelean mozketa izan zen eta ezin izan zuen azkarrenen senda jarraitu. Brandon McNulty estatubatuarrak 32 kilometroren faltan erasoa jo zuen, eta helmugaraino mantendu zuen abantaila (6:17:04). Munduko txapeldun berriak UAE Emirates taldeko Tadej Pogacar bere taldekidearen lekukoa hartu du, esloveniarra Vueltan lesionatu eta Mundialetan kale egine ta gero. McNultyk 13 segundo atera zizkion Michael Matthews australiarrari, eta Herbehereetako Mathieu van der Poelek osatu zuen podiuma. Ayuso hamahirugarren sailkatu zen, 2:08ra, eta Igor Arrieta 43., 6:53ra.