Astekaria

"Gure taldekoren batek irabaztea, hori da Behobia-Donostiarako dugun helburua"

Maider Betelu Ganboa

David Gonzalo Etxarrik Behobia-Donostian lan ona egin nahi du. UTZITAKOA

David Gonzalo Etxarri irristalari uhartearra 2024an Behobia-Donostiako podiumera igo zen, eta aurten ere aurrean egon nahi du.

Urriaren 24an Donostiako Salto 15K lasterketan 188 irristalariren artean zortzigarren sailkatu eta gero, azaroaren 8an jokatuko den 61. Behobia Donostian (20 km) bukatuko du denboraldia David Gonzalo Etxarri irristalari uhartearrak. Gaztetan Nafarroako txapelduna izan zen, Espainiako txapeldunordea zenbaitetan, eta selekzioan aritu izan zen. 17 urterekin irristaketa utzi, eta 37 urte zituela hasi zen berriz. Eraldatuz Euskal Irristaketa taldeko kideak denboraldi bikaina egin du.

ARALAR MENDI, LEHEN KLUBA
Noiz hasi zinen irristaketan?
Uharte Arakilen, 6 urte nituela. Nire aita, Eduardo Gonzalo zena, hasi zen entrenatzaile. Ez zekien irristatzen eta nik ez nuen inoiz patinen gainean ikusi, baina bera izan zen irristaketa taldea sortu zuena. Soldaduskako ezagun batek esan omen zion irristaketaren inguruan Iruñean aritzen zela, eta animatu eta Silvia nire arreba nagusiarekin eta haren adinekoekin hasi zela duela 39 urte inguru. Nik Silviak baino bi urte gazteagoa naiz eta 6 urte bete bezain pronto sartu nintzen taldean, herriko haur gehienak bezala. Garaiko irristaketa argazki batzuetan 50 haur baino gehiago agertzen gara. Aita zen entrenatzailea, baina laguntzaileak zituen, Tomas Navarro eta Jose Mari Ustarroz, esaterako.

Beraz, irristaketan uhartearrak aitzindariak izan zineten.
Sakanako lehen irristaketa taldea izan zen gurea, Aralar Mendi. Kulota beltza eta kamiseta berdea genuen, ongi dut gogoan. Beranduago Olaztin eta Altsasun hasi ziren irristaketa taldeekin.

Nafarroako Irristaketa Txapelketetan lehiatzen al zineten?
Bai, hasieratik zirkuituan eta pistan lehiatzen ginen. Jende asko joaten ginen Uhartetik. 

Emaitza onak lortzen al zenituzten?
Nahiko onak. Nafarroako Txapelketan Nerea Ustarroz, Silvia eta Javi Gonzalo nire anaia-arrebak fin aritzen ziren, eta Espainiako Txapelketan egon ginen ere. Niri pixka bat gehiago egotea tokatu zitzaidan, jubeniletan eta juniorretan Espainiako irristaketa selekzioarekin aritu bainintzen. Zenbait domina lortu nituen. Nafarroako txapelduna izan nintzen, eta Espainiako txapeldunordea askotan, baina txapelduna inoiz.

"6 urterekin hasi nintzen, Uharte Arakilgo Aralar Mendin, aita entrenatzailea zela. Herri osoko haurrak aritzen ginen, eta emaitza onak lortu genituen

Noiz desagertu zen Aralar Mendi irristaketa taldea?
Nik 17 urte nituela utzi nuen taldea, eta hortik urte gutxira izango zen. Javier eta Vero nire bi anai-arreba txikiek pistan entrenatu ahal izateko Aralar Mendi utzi eta Iruñera joaten hasi ziren, San Antoniora. Gutxika jendea kluba uzten hasi zen eta duela 27-30 urte inguru desagertuko zen. Ordurako aita eta Silvia arreba Iturmendin, Urdiainen eta beste herri batzuetan irristaketa klaseak ematen hasiak ziren. Ioseba Fernandez, Munduko Irristaketa Txapelduna, aitarekin hasi zen irristaketan. Bere lehenengo urteak Uharten egin zituen. 

Horren maila ona izanda oso gazte utzi zenuen irristaketa. Zergatik?
Hemen errepideetan eta frontoian entrenatzen genuen, baina senior mailara heldu nintzenean fundamentuzko entrenamenduak egiteko Iruñera joan beharra zegoen, pistara. Aitak lan egiten zuen, arreba nagusia ikasketekin lanpetua zegoen eta nik, gida baimena izan arte, ezin nintzen joan. 17 urterekin utzi nuen. Irristaketako entrenamenduak, ikasketak... nerabezaro gogorra izan zen, baina etapa polita. 

Beste kirolen batean hasi al zinen?
Futbolean eta mendi lasterketetan, baina beti lesioekin bueltaka aritzen nintzen, hankako minekin; ez nintzen gustura aritzen, eta aspaldi utzi nuen, 37 urte inguru nituela berriro irristatzen hasi nintzen arte.

ITZULERA
Irristaketara itzultzeko gogorik ba al zenuen?
Probatzeko zera hori nuen, eta bultzada etxean eman zidaten: "Tira, erosi patinak behingoz, eta hasi" esaten zidan emazteak. Izan ere, 17 urterekin irristaketa uzterakoan patinak apurtu zitzaizkidan. Ez nituen patinak erosi eta ordutik 20 urte egon nintzen patinak jantzi gabe.

Zerk egin zizun klik?
Askotan ikusten nuen Ioseba Fernandez Munduko Txapelketan ari zela, irristaketa lasterketen bideoak handik eta hemendik iristen zitzaizkidan... Bere garaian nirekin ibiltzen ziren irristalariak Behobia-Donostian aritzen zirela ikusita, ni ere maila horretan egon nintekeela sentitu nuen. Aitari apustu egin nion, txantxetan: "Irristaketan hasten baldin banaiz egun batean Behobia-Donostia irabaziko dut". Hala hasi nintzen, eta hor gabiltza.

Patinak erostera, beraz. Erabiltzen dituzuenak bereziak al dira?
Patin bereziak dira, ez dira kalean ibiltzeko patinak. Kalean ikusten ditugun patinek plastikozko botak dituzte eta arruntak dira. Nik hasieran patin arruntak erosi nituen, baina duela lau urte inguru, irristaketan serioago hasi nintzenean, neurrira egindako patinak egin nituen. Molde berezi batzuekin egiten dira, oinen neurrira. Karbono zuntzekoak dira. 

"Irristaketara itzultzeko zera hori nuen; 20 urte pasata patinak erosi eta berriro hasi nintzen"

Zure kabuz hasi al zinen?
Hasieran nire kabuz aritzen nintzen. Arbizuko industrialdean entrenatzen nuen; horrela egon nintzen bizpahiru urtez. Baina behin Aitor Vacas irristalariarekin egin nuen topo. Aitor Gasteizko talde batean zegoen eta irristaketa bere bizitza da, hori oso argi du. Jendeari irristatzen irakastea du gustuko, eta horretan hasteko zegoen taldetik atera eta klub edo talde berri bat sortu zuen. Klaseak emateaz gaindi –Gasteizen, Goierrin, Zarautzen... ematen ditu–, jendeari bertan federatzeko eta klub bateko irristalaria izateko aukera ematen zion, klubarekin lehiatzeko. Talde hori Eraldatuz Euskal Irristaketa taldea da.

Bertako kide al zara?
Mikelen proiektua babesteko egin nezakeena bere klubean fitxa egitea, eta lasterketa guztiak bere taldearekin jokatzea zen, eta hala egin nuen. Ordutik, Eraldatuz Euskal Irristaketako irristalaria naiz, eta astero hitzordua dut Mikelekin, entrenatzeko. 

Non entrenatzen duzue?
Leku askotan. Ni errepideetako probetan aritzen naiz gehienbat. Mikel Vacas eta beste taldekide gehienak senior mailakoak dira, ni baino gazteagoak, eta pistan eta zirkuituan lehiatzen dira. Horregatik otsailean eta martxoan urtero egun batzuk Iruñeko pistetara joaten gara, teknika landu behar dutelako. Baina normalean errepideetan entrenatzen dugu. Arbizu, Etxarri Aranatz eta Lakuntza arteko errepidean asko aritzen gara, Lizarragan, Baztanen, Opakuan, Goierrin... Handik hara mugitzen gara, gustura.

BEHOBIA-DONOSTIA
Noiz jokatu zenuen zure lehendabiziko Behobia-Donostia lasterketa?
2017an. Ekainean hasi nintzen patinatzen eta urte horretan bertan eman nuen izena proban. Bertan aritzea oso sentsazio polita izan zen, egia esan. 

Zenbat denboran egin zenuen?
Uste dut 44-45 minuturen artean, hor nonbait ibiliko nintzela (44:15, hamahirugarren postuan). Dena den, irristaketan denbora ez da faktore garrantzitsuena. Errepidea nola dagoen, lehorra edo bustia, haizea badabilen... faktore askok eragiten dute. Atletismo korrikalariek minutu bat jaistea, pare bat minutu hobetzea... halako erronkak izaten dituzte. Guk, ordea, ez horrenbeste, lasterketako baldintzen arabera denbora asko aldatu daitekeelako. Uste dut errekorra 35 minutu inguruan dagoela. 

"Irristatzen hasten naizenean dena ahazten dut, min guztiak pasatzen zaizkit"

2018an hamabigarren sailkatu zinen (39:09), 2019an hamaikagarren (43:15), 2023an seigarren (42:05) eta 2024an zure posturik onena egin zenuen, hirugarren (36:32). Podiumera igotzea sekulakoa izango zen.
Bai, oso berezia. Normalean Eraldatuz Euskal Irristaketako taldekideak elkartzen gara, Aitor Vacas, Ximon Villalobos, Julen Urkizar eta ni neu bereziki, eta elkarrekin aritzen gara. Pike gehien Gasteizko Desliza taldeko irristalariekin dugu. Ezagunak dira eta pike sanoa dugu; horregatik gure helburua beti izaten da lasterketa ona egitea eta Deslizakoei irabaztea (kar-kar). Talde ona dute, zazpi-zortzi irristalari master oso on dituzte tartean. Duela bi aste Munduko Txapelketetan aritu ziren Paraguain, eta domina nahikotxo ekarri zituzten. 

Maila handia dago, beraz.
Bai. Duela hiru urte, esaterako, Patxi Peula aritu zen, munduko txapelduna. Berak irabazi zuen proba, jakina. Aurten ez dakit izar handi horiek etorriko diren. Nolanahi ere, lasterketa bakoitza mundu bat da. Iaz bosgarren izan nintzen (40:25). 

Aurten zure burua podiumean sartzeko borroka horretan ikusten duzu?
Bai, zergatik ez? Nire taldekideak ni baino askoz ere gazteagoak dira. Aitorrek 26 urte ditu, Julenek 22... eta normala da haiek ni irabaztea, baina nork daki! Gure artean beti esaten dugu berdin diola nork, baina gure taldeak irabaztea lortu behar dugula. Hori da gure helburua, batek edo besteak, baina taldeak irabaztea.

Nola prestatzen duzu Behobia-Donostia?
Denboraldi hasieratik helburu batzuk jartzen saiatzen naiz: ekainean P2P maratoian aritzea, hau da, Iruñea eta Gares lotzen duen irristaketa lasterketa garrantzitsua, nazioarte mailakoa; uztailean Le Manseko 24 Orduak, abuztuan Aubisque igoera mitikoa –ni ezin izan nintzen joan baina taldekideak bai–, irailean Gaintza igoera eta urrian Salto Donostia 15K, azaroko Behobia-Donostiarako ongi heltzeko. 

Aurten P2P maratoian nafar onena izan zinen eta 50 urtez azpiko mailan bigarrena. Ederki aritu zinen.
Profesionalak lehiatzen diren lasterketa da, eta lan ona egin nuen; egia esan, oso pozik.

Le Manseko 24 Ordutan Bugatti Zirkuituari (4,185 km) 24 ordutan ahalik eta itzuli gehien ematea da erronka. Taldeka lehiatu zineten, sei irristalariz osatutako Prestige modalitatean, eta zuen mailan txapeldunak izan zineten.
Uztailaren 11n eta 12an jokatu zen, eta bero saparengatik 24 ordu izan beharrean 14 ordutara jaitsi zuten. 22:00etan hasita, 14 orduz aritu ginen. Sekulako esperientzia izan zen, oso polita, errepikatzeko modukoa. 120 itzuli eman genizkion zirkuituari 502,20 km osatuta. Gure modalitatean irabazi genuen, eta sailkapen orokorrean soilik 10 irristalariz osatutako talde batek egin zuen guk baino distantzia gehiago. Profesionalez osatutako taldea zen. Guri dagokigunez, sei irristalariok zirkuituari bueltaka hasi ginen, txandaka, gustura. Proba oso-oso gogorra da, fisikoki eta mentalki, baina errepikatzekoa. Ea datorren urterako hamar irristalariko taldea osatzen dugun eta Le Mans-eko 24 Orduak egiterik dugun. 

Behobia-Donostiaren atarian nola zaude, sasoi betean?
Aurten bai, gustura ari naiz eta ongi sentitzen naiz. Irristaketarekin nire helburua kirola egitea da, eta taldeko gazteei entrenatzen laguntzea. Beraiek liga nazionalean daude eta beste helburu batzuk dituzte; beraiei entrenatzen laguntzen diedan bitartean, kirola egiten dut. 

"Dantzalekuko pista berriarekin ea sakandarrak irristaketan hastera animatzen diren"

DANTZALEKUKO PISTA BERRIA
Altsasun irristaketa pista egiten ari dira Dantzalekun, aspaldiko eskakizuna.
Ongi deritzot, aprobetxatuko dugu. Tokia, Dantzaleku, zoragarria da. Ea horrela jendea irristaketan hastera animatzen den. Izan ere, jende askok irristaketa uzten du, guk bere garaian utzi genuenean bezala, entrenatzeko ez dagoelako toki aproposik. Maila duzunean eta kategoria nagusietara heltzean toki aproposa behar da ongi entrenatu eta txapelketetan bermez lehiatzeko. Bestela, ezin da, Iruñera joan beharra dago. Teknika behar izaten da, eta pistan ez baduzu lantzen ez duzu ezer egiten. Aurreko astean lanak nola dauden ikusten egon nintzen, eta itxura polita dute. Irristaketari bultzada emango dio.  

Entrenamenduak, lana, familia... guztia uztartzeko nola moldatzen zara?
Txandaka lan egiten dudanez, arratsaldez nagoenean goizetan entrenamendu gehiago egiten saiatzen naiz, eta goizez nagoenean semea ikastetxetik jaso aurretik aritzen naiz. Egia esan, irristalariok ez dugu denbora gehiegirik behar entrenatzeko. Ordu batekin nahikoa dugu.

Noiz bukatuko duzu denboraldia?
Normalean Behobia-Donostia bukatuta. Atseden hartzeko, hamabost egunetan patinak albo batera uzten ditut, eta gero suabe-suabe hasten naiz, denbora asko ezer egin gabe egoten bazara gero pila bat kostatzen delako. 

Zer ematen dizu irristaketak?
Patinak jantzi eta irristatzen hasten naizenean dena ahazten dut, min guztiak pasatzen zaizkit. Egia da, patinen gainean ez dut oinazerik. Eta dibertigarria da. Irristaketa ez da kirol oso agresiboa artikulazioendako. Zortzi urte daramatzat irristatzen eta ez dut lesiorik izan. Patinak jarri eta irristaketa probatzera animatzen dut jendea, bakoitza bere martxan hastea, bere helburuekin. Edozein taldetan izango dute ikasteko eta hasteko aukera.