Areto futbola

Magna Xota, Torrejonekoari buelta ematera

Guaixe

Hasieran Magna Xotak ongi eutsi zion Interri, baina bigarren zatian talde madrildarra gailendu zen. XOTA

Talde irurtzundarra 8-0 erori zen Inter JP Financial taldearen kontra. Datorren jardunaldian O Parrulo Ferrol hartuko du.

Magna Xotak Liga Prime Futsaleko oilarretako bat zuen arerio Irekiera faseko zortzigarren jardunaldian: Inter JP Financial. Partida Torrejonen jokatu zen. Bi jardunaldi irabazi ondoren, Madrileko hitzordura animotsu iritsi ziren Moreninen jokalariak. Bi taldeek partida nor baino nor hasi zuten, eta hasieran biek izan zituzten aukerak, baina bi atezainek bikain egin zuten bere lana. Hala ere, atsedenaldia baino lehen Interrek bitan lortu zuen baloia sarera sartzea eta 2-0ko abantailarekin joan ziren atsedenaldira. Jon Cerviñoren lesioak talde berdean eragin handia izan zuen eta bigarren zatian Inter askoz ere gehiago izan zen, dominatzaile argia. Azkenean, 8-0 gailendu ziren madrildarrak. 

Magna Xotako Morenin entrenatzaileak partidak “bi zati oso ezberdin” izan zituela azaldu zuen. “Interri baloia kentzea oso zaila da, baina lehen zatian defentsan hobeki aritu gara eta hobeki eraso egin dugu, baina Interrek atzean sartzen zaitu eta aukera handiak sortzen ditu. Atsedenaldia baino lehen gertatutako Ion Cerviñoren lesioak min handia egin digu. 4-0koaren ondotik, argi eta garbi, ez da partidarik egon. Atezain jokalariarekin erritmoa apurtzen saiatu gara baina gola jaso dugu... Gutxi gara, atseden hartu beharra dugu eta datorren partidan pentsatzen jarri”. 

O Parrulo Ferrol
Illes Balears Palma Futsalek segitzen du Liga Prime Futsaleko Irekiera faseko lider (24 puntu), Jaen Paraisoren aurretik (19 puntu). Magna Xota hamalaugarren da (6 puntu). Azaroaren 20an Magna Xotak sailkapenean seigarren den O Parrulo Ferrol (14 puntu) taldea hartuko du Anaitasunan. Torrejoneko azken partida ahaztu, Ion Cerviñoren lesioa nola doan ikusi eta aurrera egin beharra du talde berdeak.