Jolas parkea aurten egin nahi da

Guaixe 2011ko urtarrilaren 18a

Unanuko Kontzejuak aurten 94.245 euroko aurrekontua izanen du. Marisol Mozo Galarza kontzeju buruak azaldu digunez, "aurten haurrendako jolas parkeko lanak despeditu nahi ditugu".  Eliz ondoan egonen da jolas parkea. Mozok argitu digunez duela bi urte zoruan kaskailua zabaldu zuten. Iaz hormak berritu zituzten eta orain itxitura jartzen ari dira. Lanak ordaintzeko dirua Kontzejuaren aurrekontutik eta Nafarroako Kutxako zeuk aukeratu zeuk erabaki programatik aterako da.Bestetik, Mozok azaldu digu iaz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza batekin Ondatz inguruko basoaren itxitura egin zela. Aurten Unanuko Kontzejuak halako beste laguntzaren bat jasoko balu beste itxituraren bat eginen lukeela aurreratu digu kontzeju-buruak. Baina, Mozok esan digunez, "Kontzejuak gastu asko eta diru sarrera gutxi ditu. Gauzak egin nahi ditugu, baina ez dago dirurik. Eta zorretan sartzea ezinezkoa da".