"Ideia Sakana marka saldu eta promozionatzea da"

Guaixe 2007ko uzt. 12a, 00:00

Fernando Etxauri Gallardon.

Fernando Etxauri Gallardon, Sakanako Garapen Partzuergoko lehendakariordea.

Duela 23 bat urte zabaldu zuen Etxaurik Unanun Edronekoa landetxea. Aitortu digunez, landetxea zabaltzea "abendutra bat izan zen hasieran". "Basamortua zeharkatu eta gero" landa turismoaren booma bizi du orain. Ibarreko landa ostatu bakarrenetako baten jabe izatetik Sakanako Landa-ostatuen Elkartekio kide izatera pasa da Etxauri. Elkarteko horretako ordezkari gisa dago Sakanako Garapen Partzuergoan.

Elkartuta indar gehiago?
Beharrezkoa izanen da. Turismorako tradiziorik egon ez den eskualde batean zaila da martxan jartzea, zaila da ekimenak proposatzea. Ez dago turismo kulturarik. Beharrezkoa izanen da denok argi izatea eta denok norabide berean indar egitea.

Goi-denboraldian zer moduz?
Udan beti lan egiten da. Garilean eta agorrilean lan egiten da. Perspektiba ona da baina beherakada nabari da. Konpetentzia handia dago. Hegaldi merke asko dago... Ohartu gara Sakanara jendea datorrela gainontzeko eskualdeak betetzen hasten direnean. Jendearendako gurea azken aukera da.

Bitartean, turismo bulegoa zabalik. Zer moduz?
Ekimen polita eta beharrezkoa da. Hala ere, bulegoak ez du konponduko Sakanan dagoen turismo falta. Baina beharrezko lantresna da ibarrak irudi bat izan dezan, turismo arloan presente egoteko nahia azaltzeko. Jakitun gara turismo bulegoan ez dela jende pilaketarik izanen, Sakanan ez baitago turismo tradiziorik. Baina, tresna gisa, bulegoak esanen digu handik pasatzen den jende apurra zein den, zein motakoa, zein kezka dituen, zein informazio mota eskatzen duen... Horrekin guztiarekin ideia bat egin dezakegu eta ondoren haren gainean lan egin beste ekimen batzuk abiarazteko.  

Gabeziak agerian utzi eta etorkizunerako tresnak emanen ditu!
Hori da asmoa! Batetik, partzuergoa martxan jartzea. Kasu honetan turismoaren gaiarekin, eskura zegoelako eta abiarazteko baldintza hobeak zeudelako. Eta, bestetik, tresna bat eskuratu Sakanatik zein pasatzen den eta bidaiariek zer nahi duten jakin ahal izateko. Hori guretako garrantzitsua da.

Turismo bulegoaren inguruko lehen baloraziorik egin duzue?
Ez. Garagarrilaren erdi aldera zabaldu zen, baina nik uste dut orain jasoko duela jende gehien, San Ferminen ondoren, garilean eta agorrilean. Garai garrantzitsuena hori izanen dela uste dut.

Turismo gida ere hor dago?
Nire ustez beste tresna bat da. Informazio asko du. Guretako garrantzitsua zen gidak alojamenduen berri emateaz gain, dauden baliabideen berri ematea. Gidan baliabide turistikoetan indar berezia jarri dugu, bai naturakoetan, bai zerbitzu arlokoetan ere. Gure ustez bidaiari batek eskualde honetara etortzea erabakitzen duenean, ez dator alojamenduak daudelako. Hori garrantzitsua da, bai. Baina bidaiariak dio: "eta nik, zer egiten dut han? Zer dut han ikusteko! Zer bisita dezaket?" Eskualde honetan baliabide asko ditugu baino ez dugu produkturik. Hori egin beharreko lan bat da. Urbasa, Aralar, ibilbide asko ditugu. Lan handia egin beharko da turismo produktua lantzen; bezeroari saltzeko balioko duen produktu bat eskaintzen: "hau egin dezakezu. Hori bisitatu dezakezu. Hemen edo han bazkaldu dezakezu...". Saldu dezakegun zerbait. Une honetan esan dezakegun bakarra da: "begira, hor duzu Beriain. Edo Urbasa. Zoaz!" Edo markatuta dagoen ibilbideren bat. Baina gutxi. Baliabide gehiago dago, baina esplotatu gabe, antolatu gabe dago.

Web orria zer moduz?
www.sakanaurbasa.com web orria martxan da. Gidak duen ia informazio bera topatu daiteke. Sustapen modukoren bat egin beharko dugu ezagutarazteko, jendeak web orria irekitzeko. Web orriaren helbideak ez ditu hitz klabeak bere baitan. Turismo, rural, casas moduko hitzak klabeak dira interneteko bilatzaile batean ateratzeko. Guk beste aukera bat egin dugu. Gurean klikatzen duenak gurea bakarrik topatuko du, Sakanako alojamenduak eta baliabideak. Helbidearen berri ez duenak ez du nolanahi topatuko. Zaila izanen da.

"Sakana" marka saldu beharko da!
Hori da ideia. Sakana saldu eta promozionatzea. Sakana eta Urbasa, mendiari bizkar emanda ez bizitzeko.

Partzuergoaren lehen erronka positiboa izanen da?
Baietz espero dut. Behin abiadura hartu ondoren, hori zen gure asmoa behintzat, martxan jar dadila eta udal berriek partzuergoarekin bat egin dezatela. Gure ustez udal guztiek egon behar dute partzuergoan. Ideia horrekin jarri da martxan hau guztia; udal berriek martxan jarri beharreko zerbait ez topatzeko, baizik eta dagoeneko martxan dagoen zerbait opa dezatela.

Partzuergoa udal berriekin harremanetan jarri da?
Turismo bulegoaren balorazioa esku artean dugunean, irailean, udalak gonbidatu eginen ditu datu horien berri emateko. Nik uste udal guztiek badutela partzuergoa martxan jarri denaren berri. Ia udal guztiak parte hartu dute estatutuen idazketa prozesuan eta abarrean. Legegintzaldi aldaketa zela eta udal batzuek erabakia hartzea atzeratu egin zuten eta guk orain gogoraraziko diegu. Ideia da udaletxe handiak sartzea. Ez ona delako, ezinbestekoa delako baizik. Ezinbestekoa da Altsasu, Irurtzun eta udal guztiak egotea. Baina handiek, eskualdeko esanguratsuenak direnek, proiektuarekin bat egin dezatela. Nik argi dut, handiak ez badaude ez du zentzu handirik. Espero dut legegintzaldi berri honen akaberarako partzuergoa martxan egotea. Guk, landa-ostatuek osatzen dugun iniziatiba pribatuak, partzuergoak jarraitzea eskatuko dugu.