Javi Mozo: "Herriari bizitasuna emateko antolatu dugu San Donati eguna"

Maider Betelu Ganboa 2015ko uzt. 31a, 08:05

Javi Mozo
Unanuko Kontzejuko presidentea, San Donati egunaz

1.Agorrilaren 9an San Donati eguna antolatu duzue Unanun. San Donato ermitari Donati deitzen al diozue?
Bai, guk San Donati deitzen diogu Beriaingo ermitari. Pertsonei Donato, baina ermitari Donati.

2.San Donato santuaren eguna abuztuaren 7an izaten da eta hurrengo igandean ospatzen da San Donatoko erromeria, uhartearrek antolatuta, ez?
Uhartearrek antolatzen dute igoera: beraiek eramaten dute auzatean banatu beharrekoa, meza antolatzen dute eta beste. Baina Unanutik jende asko igotzen da eta pentsatu genuen herriari bizitasuna emateko zerbait antolatzea egun horretan. Jende asko igotzen da Unanutik eta herrian tabernarik ez dagoenez pentsatu genuen elkartea zabalik izatea jendeak jaisterakoan zerbait zabalik izan dezan. Eta gero herri bazkaria egitea. Aurreko urtean egin genuen lehenengoz San Donati eguna.

3.Eta zer moduz joan zen?
Elkartea zabalik izan genuen, herri bazkaria antolatu genuen eta 69 pertsona inguru bildu ginen, gehienak unanuarrak, baina baita etxarriar batzuk, dorrobar batzuk, Lizarragabengoako Rayo eta beste. Gero jai giroa egon zen elkartean. Oso ongi pasatu genuen.

4.Nork antolatzen du festa? Unanuko kontzejuak edo gazteek?
Guztiek. Izan ere, Kontzejuan gazteak gaude. Aurreko urtean ni ez nintzen presidente eta festa antolatzen lagundu zidatenak ez ziren kontzejuko kideak, baina aurten akaso gehiago antolatu dugu kontzejutik.

5.Agorrilaren 9an zein ordutan ateratzen zarete San Donati aldera?
Meza 11:00etan izaten da. Batzuk mezarako igotzen dira. Jendea uneoro ateratzen da Unanutik: batzuk goizeko zazpietan, beste batzuk zortzietan, bederatzietan, hamarretan… denetatik. Mendian asko ibiltzen direnak ordu batean iristen dira gora eta bestela, ordu eta erdi bi orduren bueltan. Jendea hara igotzen da, eta meza ondoan auzatea izaten da, Uharte Arakilgo Udalak eskainia.

6.Jende asko igotzen da egun horretan San Donatira?
Bai, sakandar asko eta baita kanpokoak ere. Batzuk Uharteko bidetik igotzen dira, beste batzuk Arruazutik, Goñitik… toki guztietatik. Unanutik eta Dorraotik jende asko doa, eta, horretaz gain, Unanuko bidetik mendizale pilo bat igotzen dira.

7.Kotxez igo daiteke?
Bai, egun horretan autoek libre dute menditik pasatzea. Unanutik, Lizarragatik, Goñitik… aukera dago kotxez joateko. Ni igotzen naizenean oinez igo izan naiz. Kotxez ez naiz sekula igo. Baina jende adindua kotxez joaten da eta jende asko ere motorrarekin doa.  

8.Aurtengo San Donati egunerako zenbat pertsona bilduko zarete bazkarian?
Igandera arte apuntatu daiteke bazkarirako. Horretarako telefonoz hots egin behar da (650 403 106). Hiru telefono jarri ditugu. Asteburuan hirurak elkartuko gara eta zenbat garen ikusiko dugu. Izena igandera arte eman daiteke. Katering enpresa bat etortzen da. Aurten sarrerako platerak (entsalada mistoa, errusiar entsalada, zainzuriak mahonesarekin eta urdaiazpikoa) eta paella mistoa izango ditugu, postrearekin (25 euro). Jendeak proposatu zigun haurrendako menua jartzea eta aurten haurrendako menua ere izanen da. Beraz, mundu guztia etorri daiteke, ateak zabalik daude.

9.Egun osoan elkartea zabalik egongo da?
Bai. Bazkaria frontoian izanen da, eta bazkal ondoren DJ batek jarriko du musika elkartean, Josu Garate lakuntzarrak. Aurreko urtean gaueko hamarrak pasatxo arte luzatu zen festa, oso gustura. Denetatik jartzen du, festetan ere egon zen eta oso gustura. Kontzejukoak eta elkartekoak elkartean zerbitzatzen egongo gara. Goizean gora igoko gara eta meza baino lehen jaitsiko gara, beheko guztia prestatzeko.

10.Unanu Beriainekin oso lotuta bizi da, ezta?
Bai, beti. Hemen ardiekin eta ganaduarekin bizi izan da jendea. Eta udan beti mendira, ardiak eramatera. Horretaz gain, mendizaleen joan-etorria asko nabaritzen da Unanun, udan bereziki. Gehienbat asteburutan baina baita astez ere.

11.Sakandarrak San Donati egunean parte hartzera animatuko ditugu?
Etorri nahi duen jende guztia ongi etorria izan dadila. Herri bazkarira etortzeko apuntatu behar da, baina bestela arratsaldean buelta bat ematera edonor etorri daiteke, giroaz gozatzera. Gainera asteburu horretan Etxarri Aranazko festak bukatu berri ez dago beste festarik; libre dago. Beraz, ongi etorri guztiak.