Unanuko untxi granjaren ondoan (Dorraorako errepide ertzean) eraikuntza eta eraiste hondakinak kudeatzeko instalazio gune bat jartzeko proiektua aurkeztu da. Zenbait unanuarrek kezkaz hartu dute egitasmoa: “plantak ibarrera eta gure eguneroko bizimodura ekar ditzakeen ondorioengatik”. Gogorarazi dutenez, gaur egun Ergoienan lurrari lotutako jarduerak lantzen dira: nekazaritza, artzaintza, beste abeltzaintza, nekazal turismoa…
Haien iritziz, “proiektua egingo balitz gure ibarrak eskaintzen dituen lasaitasuna eta sosegua erabat kaltetua gertatuko litzateke, kontuan hartuta proiektuak izanen lituzkeen ikus eta ingurumen ondorioak. Gaur egun gure Ibarra inguruko eremuen landare-hauspoa da”. Unanuar horiek argitu dutenez, “ez dugu proiektua arbuiatzen, haren kokapena baizik. Gure ustez horrelako planta bat jartzeko badira toki aproposagoak, industrialdeak esaterako”.