Eraikuntza eta eraiste hondakinak kudeatzeko instalazio bat jartzeko proiektua dago Unanun, untxi granjaren ondoan (Dorraorako errepide ertzean). Ergoiena Bizirik plataformak jakinarazi duenez, “jabeek, inongo baimenik eskatu gabe, soro horretara hondakinak bota dituzte, hondakindegi bihurtuz. Jarduera hori aurrera eramateko Unanuko Kontzejuak eta Ergoienako Udalak ez dute baimen eskaerarik jaso”. Jokabide “ez onargarritzat” jo dute eta “beharrezkoak diren neurriak abian jarri” dituztela jakinarazi dute. Plataformatik gaineratu dutenez, “proiektu egileen ekintzak, bazterrak harrotzeaz aparte, haserre handia ere eragin du herritarren baitan”.
Abenduaren 13an egindako batzarrean unanuarrek kokapena batere egokia ez zela adierazi zuten; landa eremu batean baino industrialde bat hobe jotzen dute. Batzarrean izan ziren unanuarren ustez egitasmoa soro horretan egiteak “eragin kaltegarriak sor ditzake: zarata, hautsa eta ugaldearen kutsadura besteak beste”. Aldi berean, ilbeltzaren 24rako (11:30etik 14:30era, kontzeju-etxean) gaiaren inguruko herri galdeketa eginen da.