Unanuko obra hondakinak kudeatzeko proiektuaz

Hondakinen kudeaketa proiektuari buruzko galdeketa

Guaixe 2016ko urt. 22a, 09:03

 

Igandean, 11:30etik 14:30era, kontzeju-etxean unanuarrek iritzia emateko aukera izanen dute.

Eraikuntza eta eraiste hondakinen birziklatze planta nahi duzu, bai edo ez? Galdera horri erantzuna emateko aukera izanen dute igandean ehun bat unanuarrek. Unanuko Kontzejuak 18 urtetik gorako eta herrian erroldatuta dauden unanuar guztiei herri galdeketan parte hartzera animatu ditu. Javier Mozo kontzeju buruak azaldu digunez, aldeko edo kontrako erantzuna agertu, kontzejuak herriaren erabakia bere eginen du.

Unanuko untxi granjaren ondoan (Dorraorako errepide ertzean) eraikuntza eta eraiste hondakinak kudeatzeko instalazio bat jartzeko proiektua dago. Kokapenak unanuarren artean kezka sortu du, jarduera horrek sor ditzakeen zaratagatik, hautsagatik, produktu kutsakorren kudeaketagatik, gertu dagoen errekan izan dezakeen eraginagatik eta abar. Unanuarrek abenduaren 13an egin zuten batzarrean proiektu bera ez zuten zalantzan jarri, baina larre horretan beharrean industrialde batean hobe ikusi zuten.

Plataforma
Proiektuak unanuarren artean kezka sortu du eta Ergoiena Bizirik plataforman antolatu dira haietako batzuk. Bere ordezkariak kontzejuarekin bi bilera egin dituzte. Ergoienako Udalari ere mozioa aurkeztu diote. Aldi berean, proiektuaren kontrako sinadurak biltzen hasi dira, Unanun eta Ergoienan momentuz. Ergoiena Bizirik plataformak, bestalde, urteko azken astean birziklatze planta hartuko duen larrean hondakinak bota zituztela publikoki salatu zuen.