Unanuko soro batean egin nahi den obretako hondakinak kudeatzeko proiektuaren alde edo kontra zeuden galdetu zitzaien unanuarrei igandean. Herria informatu gabe eta haren iritzia jakin gabe proiektua aurrera eraman nahi izan dutela salatu zuten Ergoiena bizirik plataformako kideek. Igandean egindako bozketan herria kontra dagoela “argi” gelditu zela esan zuen Javier Mozo kontzejuko presidenteak. Soroan dagoeneko hondakinak bota dituzte. Eta, horregatik, salaketa Nafarroako Gobernuan eta Ebroko Ur Konfederazioan aurkeztu dute.
Unanuko soro batean obretako hondakinak kudeatzeko proiektua zegoela jakin zutenean, herria batzarrera deitu zuten. Herri galdeketa egitea erabaki zuten ondoren, izan ere, herria alde edo kontra zegoen jakin nahi zuten; nahiz eta erantzuna aldez aurretik nahiko garbi zuten. 96 unanuarrek zuten bozka emateko aukera eta 68k haien bozka eman zuten (%70,83). Haietako 66k ezetz esan zuten. Bat obretako hondakinak kudeatzeko proiektuaren alde agertu zen, eta beste batek txurian bozkatu zuen.
“Herria kontra dagoela argi geratu da”, adierazi zuen Javier Mozo Unanuko kontzejuko presidenteak. Soroan hondakinak ikusi daitezke, baina sarrera debekatuta dutela azaldu Mozok: “sarrera kontzejuarena da, beraz, edo sartzeko beste bide bat aurkitzen dute edo ezin izango dute gehiago sartu”. Hondakinak kendu behar dituzte eta horretarako baino ez dute baimenik izango. Proiektua “bertan behera” utzi arte ahal den guztia egingo dutela gaineratu zuen. Sinadura bilketa ere egiten ari dira.
Beste ibar proiektu bat
“Aurretik jendearekin hitz egin genuen eta jendea kontra zegoela jakin genuen”. Ergoiena Bizirik plataforma ezezkoarekin pozik zegoen. Herria informatu gabe proiektua aurrera eraman nahi izan dutela salatu zuten. “Formak” ez direla egokienak izan azaldu dute. “Holako proiektu” baterako lekua ez dela egokia zioten: “guk beste gauza bat nahi dugu Ergoienarendako. Naturarekin eta gure inguruarekin zerikusia duen proiektu bat; abeltzaintza eta nekazaritzarekin zerikusirik duena”. Obretako hondakinak kudeatzeko planta jarriz gero “haien” proiektua bertan behera geratuko litzatekeela azaldu zuten. “Kutsadura handia ekarriko luke. Errepidean trafiko handia egonen litzateke. Zarata, zikinkeria...”.
“Ez gaude proiektuaren kontra, baina lekua ez da egokia”. Sakanan hainbat industrialde daudela diote, holako proiektu bat martxan jartzeko egokiak diren lekuak. Ergoiena “oraindik leku zoragarria” dela diote plataformatik. “Sakanako birikak gara”. Plantarekin kalte handiak sortuko liratekeela adierazi zuten, eta nahi duten “ibar proiektuarekin” bukatuko lukeela. Enpresa pribatu baten irabaziengatik herri oso batek kalteak izanen lituzkeela gaineratu zuten. “Gure etorkizuna baldintzatzen du”.