Italia eta Europako 21 maskara segizio, ihoteak gehienak, hiru egunez Italia hegoaldeko Tricarico herria hartuko dute. Maskaradunek kolorez, soinuz eta dantzaz beteko dute herria. Eta haien artean zortzi unanuar izanen dira, Basilikata eskualdera herriko ihotea erakustera joan direnak. Haietako sei mamuxarroz jantziko dira eta beste biak mutuz. Maskaradunen segizioak larunbatean, 17:45ean, elkartu eta segizioa osatuz herrian barna ibiliko dira.
Unanuarrak atzo abiatu ziren Italiarantz eta etzi bueltatuko dira. Joseba Imazek esan digunez, bigarren urtez segidan parte hartuko dute unanuarrek konbentzioan. Joan den urtean bi emakumezko joan baziren, aurten denak gizonezkoak izanen dira. “Berandu hots egin dute eta denek ere ezin zuten”. Sakanako beste ihoteetakoei jakinarazteko ere betarik ez dute izan. Italiarrak noizbait hona etortzea ez du baztertu. Han ezagutu dituzten ihote segizio gehienak zanpantzarren modukoak direla ere azaldu digu.
Seigarren urtez antolatu dute Maskara Antropologikoen Konbentzioa. Manifestazio bakarra bere generoan, erritu eta ohitura sekularrez kargatuta, historia-, kultura- eta gizarte-ondare balio handia duena, babestu eta transmititu behar dena”. Horregatik, ostiralean eta larunbatean jardunaldiak izanen dira eta argazki erakusketa ere prestatuta dute.