Tricaricoko (Italia) 6. Maskara Antropologikoen Konbentziotik “gustura” bueltatu dira Unanuko ihotea irudikatu duen zortzikoteak. Hala jakinarazi digu Joseba Imaz Berastegik. Ostegunen abiatu eta igande eguerdian bueltatu ziren, “paliza, bidai luzea” izan dela, baina “ongi. Ezin hobeki”. Dena pagatuta zuten, bidaia izan ezik. Tricariko ezagutzeko aukera izan zuten.
Larunbatean ihote segizioen desfilean parte hartu zuten. 18:00etatik 20:00etara herriko kaleetan barna desfile koloretxua osatu zuten Italia eta Europako 21 maskara segiziok, ihoteak gehienak. Mamuxarro unanuarrak desfilea hasi bazuten ere, senak aginduta, azkar hasi ziren kalean gora eta behera parean opatzen zituztenak zigorrekin zirikatuz eta kolpatuz. “Unanuko inauteriaren kontzeptua argi gelditu zen”.
Unanuarrak ihoteen inguruan zerbait antolatzeko gogoz etorri dira. “Zerbait mugitzea” aztertzen ari dira. Ez dakite Unanun izanen den, edo Sakanan, baina Nafarroako Gobernuaren atea jotzeko asmotan dabiltza. Bitartean, Tricaricon beste segizioekin harremanak izan dituzte. Sardiniako batzuk antzeko egitasmoa dutela eta unanuarrei kontaktua eskatu zieten.