Aurrekontuetan segida

Guaixe 2018ko abe. 4a, 10:50

Kontzejuan ez dute inbertsio handirik aurreikusi 2019rako. Kontzejuak dirua lortzeko baso aprobetxamendua salduko du aurki.

Unanuko Kontzejuak heldu den urteko aurrekontuak onartu ditu, 127.920 euro guztira. Joseba Imaz Berastegi kontzeju-buruak esan digunez, aurtengo aurrekontuen segida izanen dira heldu den urtekoak. Imazek azaldu digunez, “legegintzaldi honetan diru-aurrezpena edo diru-sarrera diren inbertsioak egin ditugu”. Gogoratu du joan den urtean maistruban etxea konpondu zutela eta hura alokatuta kontzejuak dagoeneko diru-sarrerak dituela.

Eta aurreratu digu aurki herriko argiteria aldatu eginen dutela eta egun argien ordez LEDak jarriko dituztela. “Guztira 47 dira, eta elkarteko kalean bat gehiago jarriko dugu, argi gutxi baitzegoen han”. Inbertsio horrekin argindar kontsumoa murriztu eta dirua aurreztu nahi du kontzejuak. Horrekin batera, kontratuak berraztertuko dituzte. Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko funtseko 22.663,17 euroak erabiliko dituzte inbertsio horren zatia pagatzeko. Gainontzekoa bere poltsatik jarriko du kontzejuak. Heldu den urterako inbertsio handirik ez du aurreikusten Imazek. Hala ere, urtea despeditu aurretik edo heldu den urte hasieran baso aprobetxamendua saldu nahi dute kontzejuan, “hurrengo legegintzaldirako dirua izateko”.