Inauteriekin batera mamuxarroak Unanura bueltatuko dira. Pertsonai unanuar horiek kamixeta eta galtzontzilo luze zuriak dituzte jantziak, paxa beltza edo gorria eta zatak. Aurpegia estaltzen dieten metalezko katolaz janzten ditu. Soinean daramatzaten paxpalinek gaztigatzen dute mamuxarroak nondik dabiltzan. Mutuek, ordea, ez dute halakorik eta ezin asmatu nondik dabiltza. Eta hori garrantzitsua da, zigorra eskuan dutela jendea berotzeko prest ibiltzen baitira Unanun barna.
Bai mamuxarro txikiak bai mamuxarro handiak 17:00etatik 18:00etara ibiliko dira Unanun barna jendearen atzetik korrika. Mamuxarroak alde egin ondoren, elizako estalopean musika eta auzatea izanen dira. Bihar mamuxarroei bizia ematen dietenek afaria eginen dute. Asteartean, puska-biltzea egin eta herri-afaria eginen da Danok Bat elkartean, 22:00etan.