Joxemari Mercerok utzi gaitu

Guaixe 2019ko api. 26a, 09:23

Unanuko korrikalari beteranoa 80 urte dituen egunean hil da. Hileta elizkizunak gaur izanen dira, ostiralean, Unanuko San Pedro elizan, 18:30ean

Joxemari Mercero korrikalari beterano unanuarra hil da, hain zuzen ere 80 urte bete zituen egunean. Aurreko urtean bere azkeneko Behobia-Donostia lasterketa korritu zuen unanuarrak, eta korrika egiten jarraitzea, hori zen bere nahia, horrela disfrutatzen baitzuen Mercerok.

Hamaika lasterketan aritu izan da unanuarra, eta tartean Espainiako pista eta ruta txapelduna izan zen 10.000 metrotan, eta aurten Beteranoen Mundialerako prestatzen ari zen. 

Bere ibilbidean makina bat aitortza jaso ditu korrikalari unanuarrak, Sakanako Kirolari Onenen sariketan aipamen berezia, Tritoiena lasterketan ere omendua izan zen eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren 2017ko sariketetan aipamen berezia jaso zuen unanuarrak, Uxue Barkos presidentea buru zela. 

Bera despeditzeko hileta elizkizunak gaur izanen dira, ostiralean, 18:30ean, Unanuko San Pedro elizan.