San Donati eguna prestatzen

Guaixe 2019ko abu. 4a, 12:55
Unanuarrak Beriaingo ermitaren ondoan. Argazkia: utzitakoa.

Unanuko herri bazkarian izena emateko aukera dute mendizaleek.

Uhartearrek antolatuta Beriain mendi gainean San Donato eguneko erromeria ospatzen den egun berean Unanun San Donati eguna ospatzen dute. Mendi gaineko ospakizuna dela eta, harako bidea mendizale askok Unanun hasten dute. Jende mugimendu hori ikusita, Unanuko Kontzejuak erabaki zuen egun horrekin batera ospakizun bat antolatzea, horrela, herriari bizitasuna emateko. Seigarren urtea da San Donati eguna ospatuko dena.

Ospakizunaren igandean Unanuko Denok Bat elkartea egun guztian zabalik izanen da. Mendizaleek  Beriainera igo aurretik edo ondoren han freskagarriren bat edo kaferen bat hartzeko aukera izanen dute. San Donati egunarekin herri-bazkaria egiten da, 15:00etan. Mendizaleek ere han izena emateko aukera dute. Horretarako, ordea, aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako, 615 006 913 (Ainhoa) telefonora hots egin edo whatsapp mezua bidali behar da.