“Aitortzak ilusioa egin zidan”

Guaixe 2019ko ira. 8a, 12:27

Artzain Egunean aitortza jasozuten emakumezko artzainak. Ezkerretik 3.a Maixabel Balda Mercero.

Maixabel Balda Mercero, unanuarra, herrian bertan jaioa da, eta artzaina. Beriain izeneko gazta egiten du Balda, Artola y Otros SCk. Uharte Arakilgo Artzain Egunean omenduetako emakumezko artzainetako bat izan zen.

Nolaz artzain?
Nere etxean beti ezagutu ditut ardiak. Aman aldeko aittuna artzaina zen. Aittan aldetik ere, baina ez ziren hortik bizi. Ama eta aitta ezkontzean aitta artzain munduan hasi zen eta beti ezagutu ditugu ardiak etxean. 

Eta horretan segitzen duzue.
Hala gertatu zen. Ez zen asmoa ardiekin segitzea. Ez dakit, ez zakiten asko gustatzen. Egun batean aitta lunbalgiarekin gelditu zen gaixo. Iruñean nengoen orduan. Loteria eguna zela gogoratzen dut, 1983an-edo, ez dakit. Ama bakarrik zegoen. Anaia gazteagoa da eta Iruñean ikasten zegoen. Eguberri garaian ardiak erditzen dira, arkumeak jaiotzen ari ziren. Ama nahiko agobiaturik zegoela ikusi nuen, bakarrik. Aitta guatzean zegoen. Egun batetik bestera etxera laguntzera etor behar nintzela erabaki nuen. Eta hala izan zen. Ez zen nire asmoa ardiekin segitu eta, ez. Beharra ikusi nuen. Beraiek ere ez zidaten esan etxera etorri laguntzera, ez. 

Orduan esnea saldu egiten zen. Ez zan egiten gaztarik. Gazta egiten zen bakarrik mendira joaten zinenean. Maiatza aldera igotzen zinen mendira eta orduan egiten zenuen. Ohitura zen esnea saltzea. Orduan pentsatu genuen ez genuela esnea saldu behar eta gazta egiten hasi behar ginela. Eta hor hasi zen abentura. 

Urte asko dagoeneko. 
Bai, 37. 

Asmatu zenuten?
Bai, nik uste baitez. Azkenean, herrian gelditzen zara, hortik bizi zara. Zure gorabeherak ere badauzkazu, lan asko eta… baina konpentsatzen du.

Zergatik sartu zineten Idiazabal jatorri izendapenean?
Sorreratik gaude. Kanpotik gazta asko etortzen zen eta Idiazabal bezala saltzen zen. Eta pentsatu zen bertako latxa ardiekin eta haien esnearekin bertako gazta bat egitea. Ordurako Erronkari jatorri izendapena bazegoen, aukera ikusi eta Idiazabal sortu genuen. 

Esnea saltzen duzue?
Hotz-ganberak eta dena betetzen direnean iristen da momentu bat esaten duzuna, honaino. Esne pixka bat saldu azkenetara, bai. 

Nola moldatzen zara?
Lanak banatu ditugu. Anaiak eta laguntzen dion gizon batek gehiago aritzen dira ardien erditzeetan, jatera eman, ardiak jaitsi… Bordan dauden lan guztiak. Ni gazta egitera dedikatzen naiz. Gaztaren mundu guztira. Eta, gero, gazta saldu. Momentu honetan. Lasaiago. 

Zure anaiak ere pauso hori eman zuen orduan? 
Bai. Gazta egitean, ikusi genuen gazta saltzen zela. Bera Lakuntzako fabrika batean hasi zen, baina aittak esaten zion: etor zaitez, etorri! Animatu zen ere, eta hor gaude. 

Nolakoa da zure egun bat? 
Goizean, 07:00etan edo 07:30ean mugitzen gara. Ardiak jaitsiak egoten dira. Esnea ekarri. Zeren guk gazta etxean egiten dugu. Etxean dugu gaztandegia. Gazta egiten hasten gara, prozesu horretan. Ematen duen lan guztia. Gero garbitasuna, gaztei buelta emateak… mundu hori. Hori da gure lana. Gero, aparte, gazta saldu ere. Etxetik egiten dut, asko. Telefonoz eta Internetetik ere saltzen da, baina askoz gutxiago. Gero dendei eta jatetxeei ere saltzen diegu. Baina gehien-gehiena etxetik. Azokak ere. 

Etxeko salmenta mantentzen da?
Bai. Oso berezia da. Saltzeko beste modu bat da. Azkenean, etortzen zaizun jendearekin konfiantza gehiago duzu. Ez da supermerkatu batera joatea bezala. Desberdina da. 

Bezeroak?
Sakanatik asko. Iruñetik, Gipuzkoatik… Jendea etortzen da. 

Harritzen du gaurko bizimoduarekin oraindik ere jendea etxera gazta erostea joatea. 
Oso polita da. Azkenean, denborarekin, ikasi dut. 

Gaztandegia etxean bertan izateak laguntzen du.
Oso. Niretako hori izan da… Etxean, bertatik… Dena kontrolatzen duzu: familia, etxeko lanak, salmenta…

Artzain batek noiz deskonektatzen du?
Hori zail xamarra da. Garai honetan ez dugu gaztarik egiten eta saltzea da bakarrik. Garagarriletik azaroan berriro gazta egiten hasi arte. Niretako nahiko liberazioa da. Nahiko lasai. 

Beraz, orain da zure deskonektatzeko garaia. 
Badauzkat momentuak. Agian egun guztia ez, baina momentuak bai. Eta ahal badut zortzi egun, ere. Ahal dezaket. Eta behar da gainera. 

Sektorearen martxa nola ikusten duzu?
Nahiko positiboa naiz. Nik ongi ikusten dut. Jende gaztea ere badago, animatuta. Arruazun, Dorraon… Nik oso ongi ikusten ditut. Etorkizuna badago. 

Uharte Arakilgo artzain egunena emakumezko artzainei aitortza egitea zer iruditzen zaizu?
Ilusioz. Gainera, aurretik denon artean bilera egin genuen eta bakoitzak esan zuen nola hasi zen eta zer. Batzuk familiatik etortzen ginen, beste batzuk bikotea artzaina zutenak eta hasi zirenak… Oso polita izan zen.  

Artzaintzan emakumezkoen papera garrantzitsua izan da?
Beti. Kanpotik ez da ikusi, baina etxean bai. Nik beti. Amak eta aittak bakoitzak bere gauzak zituzten. Baina nire inguruan beti ikusi ditut emakumezkoak oso baloratuta, oso. 

Gizartean artzainaren figura gizonezkoarena da.
Figura bezala gizonezkoa, bai. Baina emakumezkoak beti hor egon gara, atzean. Aitortza egiteak ilusioa egin zidan. Oso polita izan zen. 

Zer ematen dizu artzaintzak?
Bizimodua. Herrian bertan bizitzea. Etxeko lanak egiteko moldatzen naiz, nire orduak… Badakit lana egin behar dudala, baina organizatu egiten naiz. Batzuetan gaizki, baina beno (barrez). 

Zergatik erosi behar da zure gazta?

Etxeko, bertako produktua da. Bertako ardiak. Bertako jana. Ez dauka kontserbatzaile arrarorik. Azkenean, kalitatea.