Auzolanerako hartu zuten unanuarrek hilaren 5a, larunbat goiza. Unenuarrak urtean bitan egiten dituzte auzolanak. Etxe bakoitzeko pertsona batek joan behar du. Baina etxekoak adinekoak badira ez dute joan beharrik. Batzuk herria txukuntzen aritu ziren eta besteak Unanuko Kontzejuak elkartearen gainean duen pisurako eskailerak egiten aritu ziren.
Jesus Mari Balda Mercero kontzeju-buruak azaldu digunez, “Denok bat elkarteak 1998an su hartu zuen. Porlana zuen beheko solairuak libratu zuen, baina gainontzekoa erabat kixkali zen”. Lanen ondoren beheko solairuan elkartearen taberna eta jangela eta bigarrenean sukaldea eta jangela daude. “Bigarren solairua egin gabe dago. Porlana bota zen, baina ez du ezta paretarik ere”. Eskaileren zergatiaz galdetuta, Baldak esan digu kontzejuaren asmoa bigarren solairuan “noizbait” etxebizitza bat egitea dela. “Horretarako, diru-laguntzak behar dira. Han bizitzeko lehentasuna herrira bizitzera etorriko liratekeenak lukete”.
Unanuko Kontzejuak badu beste etxe bat, maistruban etxea zena. Hura 2017an konpondu eta alokatu zuen. Kontzejuaren beste diru sarreretako bat baso aprobetxamenduak dira. Joan den urtean egindako deialdi bat hutsik gelditu da eta aurten lortu dute saltzea.
Herrian egin den azken inbertsioa argiteria publikoan izan da negu-udaberrian. Aurreko bonbillak LED argiengatik ordezkatu ziren. Kontzejuak 19.635,59 euroko inbertsioa egin zuen (proiektu gastuak eta beste kanpo). Rios Renovables enpresak egin zituen lanak. Gastuari aurre egiteko kontzejuak Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko funtseko 22.663,17 euroak baliatu zituen.
Elkarteaz
Denok bat elkartea joan den mendeko 60eko hamarkada akaberan edo 70eko hamarkada hasieran sortu zen. Denboraren joanarekin elkartea nahikoa gaizki zegoenez, 1991n goitik behera konpondu zuten. 1998ko otsaileko sutearen ondoren enpresa batek egitura egin zuen eta gainerako lanak auzolanean egin zituzten unanuarrek, larunbatero lanera joanez, urte hartako Aste Santua barne. Konponketaren zati bat aseguruak pagatu zuen, beste zatia elkartekideek jarri zuten. San Pedro festetako elkartea zabalik nahi zutelako egin zuten hainbeste lan. Azkeneko solairua egin gabe gelditu zitzaien eta ezin izan zuten elkarte eraberritua mustu. Baina, sikiera, beheko solairua taberna moduan zabaltzeko prest gelditu zen.