Mendizalea Beriainen erreskatatua

Guaixe 2020ko ots. 3a, 10:51
Beriaingo Ihurbain harratea. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Ihurbainen erorikoa izan eta 10 metro egin zituen behera; hainbat kolpe jaso zituen.

Beriain mendiko Ihurbain harratetik gora zihoan 28 urteko mendizale gasteiztarra istripua izan zuen atzo, 15:56 aldera. Aldapan gora zihoala irrist egin eta 10 metroko erorikoa izan zuen gizonezkoak. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hainbat kolpe hartu zituen, eta ondorioz, litekeena zen lepauztai eta eskumutur bana hautsiak izatea. Eta kolpe ugari zituen buruan eta bizkarrean. 

Zauritutakoarekin zihoan mendizaleak hots egin zuen larrialdi zerbitzura eta foru administrazioak Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldea bidali zuen helikopteroz. Haiekin batera, erreskate lanean Altsasuko suhiltzaileen parkeko kideak ere izan ziren. Suhiltzaile bat helikopterotik Ihurbainera jaitsi, zauritua ohatilan egonkortu eta helikopterora igo zuten. Beriain mendian medikua zuen beste helikoptero batetara eraman zuten zauritua eta handik Uharte Arakilera eraman dute, zaurituak han baitzuen ibilgailua.