Sekula mamuxarro bat ikusi ez eta igandean edo asteartean Unanura joaten bada, azkar asko jabetuko da nolakoak diren ihoteetako pertsonaia horiek. Baina, badaezpada, hona haien deskribapena: kamixeta eta galtzontzilo luze zuriak, paxa beltza edo gorria eta zatak janzten dituzte eta aurpegia metalezko katolekin estaltzen dituzte. Bi motatako mamuxarroak daude: batzuk bularraldean gurutzatuta paxpalinak dituzte, besteek ez. Aurrenekoak nondik nora dabiltzan soinuagatik jakiten da, baina besteak ikusi arte ez dago jakiterik non dabiltzan. Horregatik, mutuak deitzen dira. Mamuxarro guztiek zigor bat dute eskutan. Eta erabiltzeko prest daude. Horregatik, lasterkaldi bat baino gehiago izanen dira Unanun barna ihoteetako bi egunetan.
Bai asteartean bai asteartean egitarau bera dute, izan mamuxarro txiki, izan mamuxarro handi. 17:00etatik 18:00etara Unanun barna ibiliko dira jendearen atzetik. Mamuxarroak nekatu ondoren, plazan, auzatea eta musika izanen da. Horren segituan puska-biltzea eginen da. Eta, borobiltzeko, Danok Bat elkartean herri-afaria izanen da.