Bi gasteiztar Beriain mendira igotzera etorri ziren larunbatean. Unanutik mendira igotzeko ohiko bidea hartu beharrean, hegoaldeko magaleko zailtasun tekniko handiagoko bide bat aukeratu zuten gora egiteko, Lugorri. Aldapa handiko harrizta da eta zuzenean Beriain ermitara ateratzen da. Ermitatik 250 bat metrora zeudela izan zen ezbeharra. 34 urteko gizonezkoa 150 metro inguruko erorikoa izan zuen mendi-magalean, eta ondorioz kolpe ugari jaso zituen.
Beste mendizaleak mendi istripuaren berri emateko SOS Nafarroaren 112 larrialdi telefonora hots egin zuen 12:55ean. Suhiltzaileen erreskate teknikoko taldea helikopteroz joan zen Beriain mendira, Foruzaingoko Polizia Judizialeko agenteekin batera. Suhiltzaileak helikopterotik gorpua geratu zen tokiraino jaitsi ziren eta esku-ohe batean immobilizatu ondoren, garabiarekin helikopterora igo zuten. Handik Unanuko bidegurutze ondoko larre batera eraman zuten 16:15ean. Etxarri Aranazko talde medikoa zain zegoen han eta heriotza egiaztatu besterik ezin izan zuen egin. Mendizalearen gorpua Auzitegiko Medikuntzako Nafarroako Institutura eraman zuten autopsia egiteko.
Bitartean, biktimaren laguna eta suhiltzaile bat oinez jaitsi ziren Unanuraino. Izan ere, mendizaleekin batera txakur bat zihoan. Animalia asaldatuta zegoenez, eta helikopteroan igotzea arriskutsua zenez, oinez jaitsi ziren.
Zazpi hildako
1987an mendizale bat hil zen.
2003-02-19 Uharte Arakilgo 20 urteko gizonezkoa hil zen mendi ezbeharrean.
2003-04-17 Burlatako 44 urteko gizonezkoa hil zen mendi istripuan.
2005-06-24 Altsasuko 31 urteko bi mendizale hil ziren istripuan.
2018-11-17 Etxarri Aranazko 25 urteko emakumezko mendizale bat hil zen.
2020-02-22 Gasteizko 34 urteko gizonezko mendizale bat hil zen.