Unanuko sandua San Pedro da. Eliza ere San Pedroren izenean eraiki zuten erdi aroan. "Unanun betidanik San Pedro izan da: sandua, eliza eta festak". "Penaz", aurten ez dituzte Unanuko festak ospatuko. "Merezi" duten festak direla esan du Ainhoa Hernan Mendibe kontzejukideak. "Herri txikia da, baina oso giro polita egoten da". Koronabirusak sortutako egoera dela eta, festak bertan behera uztea erabaki dute. San Pedro eguneko meza eginen da, "mezak egin daitezkeelako", baina ez dute beste ekimenik antolatutako. "Urte osoan itxoiten egoten gara, bai gu bai gure gurasoak, osaba-izebak… denak". Baina aurten ezin da, "ezin gara arriskatu".
Jose Agustin Garziandiak Garai bateko Unanuko oiturak eta olgak liburuan kontatu zuenez, festa bezpera egun oso polita zen. Herria auzolanean garbitzen eta txukuntzen zuten. Ondoren, festetarako kioskoa jartzen zuten. Auzolanaren ohitura mantentzen dute Unanun: "Hori egiten dugu. Auzolana aste bat lehenago egiten dugu, festen aurreko larunbatean. Herria garbitzen dugu eta festetarako kioskoa jartzen dugu". Festatarako herria txukundu egiten dute oraindik ere Unanun. Aldatzen ez diren ohiturak jarraitzen dituzte.
"Diru gutxi egon arren jana eta edana festetan ez da faltatzen" dio Garziandiak liburuan. Eta hala dela baieztatu du Hernanek: "herrian dagoen ohitura garrantzitsuenetarikoa auzatea da". Txupinazoa botatzen dute eta, ondoren, auzatea egiten dute. Unanuko gazta ematen dute eta ardoa zilarrezko katiluetan banatzen dute. "Oso zaharrak dira eta festetan ateratzen ditugu. Oso politak dira". Sakanako herri gehienetan tradizioa izan arren, Unanuko festetako auzateko katiluak "bereziak" dira.
San Pedro eguna egun handiena zen, eta da. Auzatetik, luntxera eta luntxetik errondara: jan eta edan, festetarako formula perfektua. "San Pedro egunean meza egiten da. San Pedro eguneko meza sakratua da, eta gero luntxa ematen dugu". Luntxean kontzejuak txorizoa, Unanuko gazta eta abar jartzen badu ere, herritarrek ere jatekoa eramaten dutela azaldu du kontzejukideak: "Etxeetan patata tortillak agiten dituzte eta luntxera eramaten dituzte". Parte hartzea ezinbestekoa da.
Egunero auzateak eta askariak egoten dira, eta guztietan protagonista gazta da. "Lehengo ohitura dago". Herriko artzaiek seme-alabei erreleboa pasa diote, eta hauek gazta egiten jarraitzen dute. "Unanun bertan egiten dute, eta horregatik ohitura hori dugu eta mantentzen dugu".
Errolda
Festetako hiru edo lau egunetan, gauero, unanuarrak erroldan aritzen dira. Garai batean herriko mutilak ateratzen ziren erronda egitera eta nesken etxeetara joaten ziren. Neska baten etxean hasten ziren eta handik beste baten etxera joaten zirela azaldu du Garziandiak Unanuri buruzko liburuan. Etxe bakoitzeko atarian mutilak errondako kantak kantatzen saiatzen ziren akordeoiaz lagunduta. Momenturen batean etxeko atea irekitzen zen eta neskatilek piperropilak eta gailetak oparitzen zizkieten. Ondoren, herriari buelta eman ondoren plazan su bat pizten zen eta mutilek lortutakoa jaten zuten.
Errondaren ohitura mantendu dute Unanun, eta goizaldean etxez etxe egoten dira: "Erronda egiten dugu, goizaldero, ordu txikitan. Gero gosaltzera joaten gara". Denborarekin, aldiz, ohitura garai berrietara egokitu da. "Orain eta aspalditik neskak eta mutilak ateratzen gara. Are gehiago orain uste dut neska gehiago garela! Kontrakoa gertatzen da orain". Ohiturak "pila bat" aldatzen ari direla esan du Hernanek. "Ohitura zaharrak aldatu ditugu".
Orain neskek eta mutilek parte hartzen dute, baina errondaren egitekoa berdina da: goizaldean etxez etxe abesten joaten dira. "Abesti batzuk daude, festetako abesti asko daude, baina guk bi edo hiru dakizkigu eta horiek kantatzen ditugu". Etxe bakoitzean kantatu ondoren, ordaina ematen diete: "Pastak, gailetak, txokolatea, beste batzuk esnea ematen digute eta arrautza frijituak ematen dizkigutenak daude ere". Lortutakoarekin gosaria egiten dute. "Lo egitera tripa beteta joaten gara".
Jana, edana, eta Unanuko festetako hirugarren ezinbesteko elementua musika da. "Lehen izaten zen… eta orain ere bai. Pixka bat jaitsi da, baina musika oso inportantea izan da beti: txaranga, trikitia… eta, lehen, mariatxiak". Garziandiak musikari buruz zera idatzi zuen: "Musika aukeratzerakoan Unanu ez zen atzean gelditzen". Momentuko orkestra hoberenetarikoak joaten zirela esan du: "Urte askoz etorri zen Xaneiro eta Alaska". Urte horiek oso onak izan zirela dio Garziandiak, jendearen gustukoak izan zirela.
Ohiturak
Unanuko festak ez dira urtetan aldatu. Garai bateko ohiturak egiten jarraitzen dute, garai berrietara egokituz. "Gauza zaharrak di-da aldatu daitezke. Aldatu behar dira". Gainera, gazteak ere ohiturak mantentzeko ahalegina egiten ari dira. "Gazteak gurekin egoten dira. Dantza ikastaroak eta abar egiten ditugu". Lokal bat dute eta bertan gauza "pila bat" egiten dituztela esan du Hernanek. "Mugitzen ari da".
Herri txikia izan arren festak "oso politak" direla esan du kontzejukideak. Jendeak aktiboki parte hartzen du. Aurten festak bertan behera uztea erabaki duten, eta ezer ez egitea erabaki dute. San Pedro egunean meza eginen dute, festetako ekimenik garrantzitsuenetarikoa, baina ondoren ez da auzaterik egingo. "Ezin gara arriskatu".